Durangoko izotz pistak 8.069 bisitari izan ditu

Anboto 2024ko urt. 9a, 11:48

Erabiltzaile kopurua hirukoiztu egin da ia, iazko datuekin alderatuta. Azpiegiturak 2.963 bisitari izan zituen iaz, eta 8.069 aurten. Udalak balantze "oso positiboa" egin du.

Gabonak amaituta, Durangoko Udalak Landako Guneko izotz pistaren balantzea egin du. Jesica Ruiz alkateordeak "oso positibotzat" jo du azpiegiturak izandako harrera, eta azpimarratu du datuek "izotz pista naturala berriro jartzearen aldeko apustua" berresten dutela. "Pista sintetikoak ez zuen ia patinatzailerik izan iaz. Esperientzia ez zen batere positiboa izan eta gainera, Udalak kexa ugari jaso zituen", gaineratu du.

Izotz pistak izandako egunik jendetsuena abenduaren 28a izan zen. Egun hartan 832 herritarrek bisitatu zuten Landako Guneko azpiegitura. Urtarrilaren 4a ere egun jendetsua izan zen. 806 izan ziren bertaratutakoak. Egun horietan merkeagoa izan zen izotz pistarako sarrera: 3 euro. 

Izotz pistaren kontratazioa lote bitan egin dute. Pistaren hornidurari eta instalazioari dagokiona 54.450 euroko kostuarekin eta begiraleei dagokiena, 11.455 euroko kostuarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!