Bizkaiko Merkataritzaren 2023ko Gala egingo dute Durangoko Plateruena Kultur Aterpean

Anboto 2023ko abe. 26a, 22:44

Erakusleihoen Lehiaketako sariak banatuz hasiko dute ekitaldia, abenduaren 28an.

Ostegun honetan, abenduaren 28an, 20:30etan, Bizkaiko Merkataritzaren 2023ko Gala
egingo dute Durangoko Plateruena Kultur Aterpean, XV. urteurrena dela eta. Ekitaldi honen barruan, Durangoko Udalak, Dendak Bai Durangaldeko merkataritza eta ostalaritza elkartearekin batera, antolatzen duen bertako Erakusleihoen Lehiaketako sariak banatuz hasiko dute ekitaldia. Ondoren, Bizkaidendakek 33 diploma emango dizkie Bizkaiko erakusleihoen lehiaketako finalistei, lurraldeko udalen ordezkariekin lankidetzan. Ekitaldiak aurrera egingo du Bizkaiko erakusleihoen V. lehiaketako herritarren botoaren sari banaketarekin eta lehen hiru postuekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, aintzatespen berri bi sartuko dira: Etorkizuna eta Berrikuntza eta Ibilbide Profesionala, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari politikoen partaidetzarekin.

Amaitzeko, omenaldi txiki bat egingo zaie Bizkaidendak Federazioaren sortzaileei XV.
urteurrenean, gaur egun Bizkaidendak-era federatuta dauden 43 zonalde eta gremio elkarteei bide emanez. Galan, gainera, Durangoko L'Atelier eskolaren bi emanaldi izango dira. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren finantzazioa, eta Dendak Bai eta Durangoko Udalaren laguntza du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!