'Maluta' zirku ikuskizunaren lau emanaldigaz borobilduko du San Agustin kulturguneak bere 25. urteurrena

Aritz Maldonado 2023ko abe. 21a, 15:05

Jon Sergio eta Arantza Arrazola.

Abenduaren 27tik 30era Maluta zirku ikuskizunaren lau emanaldi egingo dituzte San Agustin kulturgunean; honela, gunearen 25. urteurreneko egitarau berezia borobilduko dute. Arantza Arrazola guneko arduraduna pozik agertu da urteurreneko ekitaldiek izan duten harreragaz. "Urte osoan zehar ospatu dugu urteurrena, eta jendeak oso ondo erantzun dio programazio osoari; beste denboraldi batzuetan baino jende gehiago hurbildu da San Agustinera, baita ikusle berriak ere". 19:00etan hasiko dira emanaldiak. 

Maluta zirku ikuskizunean Lotta & Stina akrobata finlandiarrak, Paprika portugaldarrak, No Sin Tri konpainia madrildarrak eta Ni Mú Euskal Herriko konpainiak parte hartuko dute; bederatzigarren edizioa du gabonetako ikuskizun honek. 

Bestalde, 2024ko maiatzera bitartean, hamasei dantza, antzerki eta familia guztientzako ikuskizunak egongo dira San Agustinen. Besteak beste, Yllana, Khea Ziater, Metrokoadroka kolektiboa eta La Zaranda konpainen lanak ikusi ahal izango dira bertan; Durangoko Maialen Marin aktorearen debuteko lana ere ikusi ahalko da. Horrez gainera, bazkidetza kanpaina martxan dagoela gogoratu dute prentsaurrekoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!