Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi du jada hasia dela etxegabetze arriskuan dauden bizilagunei arreta eskaintzen. Ohar batean azaldu dutenez, "aholkularitza zerbitzua" eta "alokairu kontratuen aldaketei, prezioen igoerei eta higiezinen agentzien abusuei" aurre egiteko baliabideak ipini dituzte martxan. Etxebizitza Sindikatuaren esanetan, eskualdean gertatzen diren etxegabetzeek "ez dute inolako oihartzunik sortzen", eta horren erakusgarri modura eman dute datu hau: "Iaz, prozedura judizial bidezko etxegabetzeak bakarrik kontuan izanda, 15 etxegabetze izan ziren eskualdean; eta 2013tik hona 222 izan dira guztira". Kasu horiek "izebergaren punta" baino ez direla adierazi dute.
Egoera honen kaltetu nagusiak "gizarteko sektorerik zaurgarrienak" direla jakinarazi dute. Iritzi diotenez, "prezioen gorakadak, oztopo burokratikoek edota filtro arrazistek gero eta zailagoa egiten dute etxebizitza eskuratzea". Etxebizitza Sindikatuko kideek 747408923 telefonoa eta es.durangaldea@gmail.com helbide elektronikoa ipini dute etxegabetze arriskuan daudenentzat.