Durangok etxebizitza bat gehiago izango du bazterkeria egoeran daudenei eskaintzeko

Anboto 2023ko abe. 19a, 12:14

Durangoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesiorako Sailak lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Itun horri eskerrak, Durangoko Udalak bere jabetzako etxebizitza bat ipiniko du eskuragarri bazterkeria edo etxegabetasun egoeran herritarrentzat. Eskuragarritasun hori lau urtekoa izango da, eta beste lau urtez luzatzeko aukera eskaintzen du. Erabaki hori Aldundiak martxan daukan Habitat Bizkaia programaren zati da. Administrazio publikoak 30 etxebizitza eskaintzen dizkie etxebakoei, eta aurrerantzean, programa horretara batuko da Durangoko hau. 

Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko foru diputatua da, eta Habitat Bizkaia programaren aldeko apustua berretsi du: "2016an pertsona bakarrek erabiltzeko abian jarri ziren 7 etxebizitzetatik 30 etxebizitzetara iritsi da. Programak hazten jarraitzen du". Egunotan, Oscar Secok, Gizarte Inklusioa Sustatzeko zuzendari nagusiak, Durangoko Udaleko Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak Habitat Bizkaia programak Durangon daukan etxebizitzetako bat bisitatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!