Zer esan gura du zuretzat bigarren finalera ailegatzeak?
Lasaitasun bat neure buruagaz, edo behintzat aitzakia legez balio dit sinisteko banaizela hemen egotea merezi duen bertsolari bat. Etenik barik ipintzen dugu geure burua zalantzan, eta hemendik aurrera ere ipiniko dut, baina tira, aste hauetan behintzat badaukat sinisteko aitzakia.
Oso ibilbide desberdinak egin dituzu final bietara ailegatzeko. Aurreko txapelketan udaberriko fasetik hasi zinen; oraingoan, ostera, finalaurrekoetatik. Zelan eroan duzu txapelketaren prestaketa prozesua?
Kontziente nintzen oso desberdina izango zela. Ahalegindu naiz aurreikusten zer izan ahal den finalerdietan sartzea, horrek dakarren kolpea prestatzeko eta egon zitezkeen eszenatoki guztiak prestatzeko. Horretarako lan egin nuen, prest egoteko gerta zitekeen edozertarako, eta gerta zitekeen onena gertatu zen.
Prentsaurrekoan aipatu duzu azken urte biak arraroak izan direla zuretzat.
Gorabeheratsua egin zait denbora hori guztia. Aurreko txapelketa oso ondo joan zen, larregizko poza ere hartu nuela esango nuke. Eta gero, tira, konturatzen zara finalera ailegatu arren bertso txar mordoa geratzen zaizula botatzeko oraindino. Plazara irteten duzu, sariketetara joaten zara eta oraindino kolpeak hartzea tokatzen zaizu. Esaterako, iaz, hiru asteren buruan Zarauzko Lizardi sariketan abestu nuen, Euskal Herriko eliteko bertsolariekin abestu nuen, eta, gainera, Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu nuen. Bolada ona izan behar zuen, baina ez nuen bertso on bat kantatu. Hori kudeatu egin behar da, eta ikasteko balio izan dit. Ezin da eskolarteko txapelketetan legez hobetzen eta hobetzen joan urtero. Gorantz joateko, batzuetan kolpeak jaso behar dira.
Orain dela urte biko Gorkagaz alderatuta, zertan da hobea oraingoa?
Esango nuke helduago eta kontzienteago naizela txapelketak eta Bilbo Arenak inplikatzen duenaz. Orokorrean, edozein gairen inguruan iritzi argiago bat daukat, eta esan gura ditudan gauza batzuk ditut. Gero, oso gatxa da iritzi hori bertsora ekartzea txapelketako lanen eta bat-batekoaren bitartez. Baina erronka horretan dibertitzen naiz eta gustura nabil.
Mallabiko sariketa irabazi berri duzu. Finalak puntu onean harrapatzen zaitu?
Bai. Baina kontua da bertsotan hasten zaren momentura arte ez dakizula zer gertatuko den. Eta ezjakintasun hori kriminala da. Nire lagun kirolariak gogoratzen ditut eta eurek badakite gutxi gorabehera zer denboratan ibiliko diren arineketan edo igerian, apur bat hobeto edo okerrago egin arren. Guk ez dakigu zer egingo dugun bihar. Baina aurrekoa baino final hobea egiteko moduan ikusten dut neure burua.
Berrizko saioan helduago ikusi zintugun egoteko moduan.
Bai, beharbada bai. Eboluzio hori egin dut. Aurreko txapelketako finalerdietan astroak lerratu zitzaizkidala esango nuke, eta aurten gaitasun batzuk eskuratzearen ondorioz nago finalean.
Orain urte biko zorte hori eta aurtengo gaitasunak elkartuz gero, zeozertarako aukera ikusten duzu bihar?
Jakina, aukerak beti daude hor, baina ez nabil bakarrik postuei begira hori diodanean. 4.000 entzuleren aurrean zure bertsokera eta dohainak ateratzea baino gauza ederragorik ez dago. Eta uste dut neure onena emanez gero 2021eko postutik (zortzigarren egin zuen) gora egiteko moduan nagoela.
Sorpresetariko bat Aitor Bizkarra abadiñarra kanpoan geratu izana da, aurreko final bietan egon eta gero. Txaber Altube abadiñarra ere finaletik hurbil geratu da. Pena hartuko zenuen.
Pena handia hartu nuen biengaitik. Txaber zorte txarra edukitzen dabil azken urteetan. Euskal Herriko Txapelketan ordezko legez ibili zen batetik bestera, eta aurten finalean egongo da ordezko. Aitorren kasuan, harritu egin ninduen bere puntuazioak, baina ez dut inor epaitu gura. Gazte belaunaldiko ahots interregarrienetariko eta garrantzitsuenetariko bat da, eta bere hutsunea igarriko da. Tira, txapelketak ez du pozik denentzat, eta gauden zortziok ere baditugu geure gauzak esateko.
Zelan ikusten duzu zortzikotea?
Oso ederra da. Bakoitzak kolore desberdina ematen diogu finalari. Ez da zortzikote plano bat. Ez da ganbarako lanik egongo, baina egongo balitz ere, zortziok gai desberdinak aterako genituzkeela esango nuke.
Asteon entrenatuko duzu? (Elkarrizketa martitzenean izan zen)
Pare bat bider egingo dut bertsotan. Egin beharreko lanak eginda daude eta finala baino ez da geratzen.