Bizkaia-Durango txirrindulari taldeak ez du 2024an jarraituko

Maialen Zuazubiskar 2023ko abe. 13a, 12:51

Taldeko arduradunek azaldu dutenez, "lanean" jarraituko dute eta "egoerak ahalbidetzen badu" errepideetara itzuliko dira. 

Bi hamarkada nazioarteko maila gorenean lehiatzen egon ostean, Bizkaia-Durango txirrindulari taldea ez da errepidera aterako 2024an. "Continental UCI mailan jarraitzeko, Espainiako Txirrindularitza Federazioak datorren denboraldirako ezarritako gutxieneko aurrekontu mailara iristerik ez dugunez, taldeko zuzendaritzak, kostata, hurrengo denbenboraldira ez aurkeztea erabaki dugu", azaldu dute prentsa ohar bidez. Hala ere, "lanean" jarraituko dutela, eta "egoerak ahalbidetzen badu" errepideetara itzuliko direla azaldu dute. 

Ibilbide oparoa
Urte guzti hauetan, Bizkaia-Durangok ibilbide oparoa izan du eta Espainiar Estatuko egutegian talde erreferentea izan da. Hastapenetan, 2003an, Grande Boucle irabazi zuen taldeak Joane Somarribarekin, eta, 2023an, Continental mailan, bi itzuli handitan parte hartu duen talde bakarrenetariko izan da, besteak beste. 2023an Giroan eta Espainiako Itzulian parte hartu dute, esaterako. 

Horrez gain, Bizkaia-Durangotik izen eta maila handiko txirrindulariak igaro dira: Joane Somarriba, Emma Johansson, Mavi Garcia, Ane Santesteban, Anna Sanchis, Lourdes Oyarbide eta Sandra Alonso, besteak beste. 

Esker on mezua
Bestalde, zuzendaritzakoek prentsa oharra baliatu dute Bizkaia-Durango taldearen elastikoa jantzi duten txirrindulari guztiei eskerrak emateko, baita bestelako zereginetan aritu diren taldekide guztiei eta lasterketetako antolatzaileei ere. Batez ere, Giuseppe Rivoltari, Giroko ateak irekitzeagatik, eta Ronde van Drenthe lasterketako antolatzaile diren Femmy eta Huub vas Issumi. 

"Azkenik, bi hamarkada baino gehiagotan gure ametsak egi bihurtzen lagundu diguten babesle eta kolaboratzaile guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu; bereziki, Durangoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Eta, nola ez, mila esker zale guztiei". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!