Durangon martxa solidarioa egingo dute domekan, migratzera behartuta dauden emakumeen alde

Anboto 2023ko abe. 12a, 14:10

Alfredo Sarriugarte San Jose Jesuitak ikastetxeko zuzendaria, Alaia Berganza ikastetxeko kulturartekotasun arduraduna eta Leire Morquecho Alboaneko nazioarteko lankidetzarako koordinatzailea gaurko aurkezpenean.

San Jose Jesuitak ikastetxeak eta Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako zazpi kilometroko ibilaldia Ezkurdin hasi eta amaituko da.

'Ibiltari' martxa solidarioak bigarren aldia egingo du datorren domekan. San Jose Jesuitak ikastetxeak eta Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeak Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira antolatuko dute eta emakume migratzaileen egoera ikusaraztea, salatzea eta horren inguruan kontzientziatzea da helburu nagusia.

Martxa Ezkurdi plazan hasiko da, 11:00etan. Ibilbideak zazpi kilometro ditu eta iazko berdina da. San Andres auzora igo eta Larrinagatxutik jaitsiko dira Ezkurdin amaitzeko, 13:00-13:30 inguruan.

Izen-ematea ibiltari.alboan.org webgunean egin daiteke ostiral arratsaldera arte, 10 euroren truke; 12 urtetik beherakoentzat 5 euro da. Dortsalak egunean bertan banatuko dituzte, Ezkurdin jarriko duten karpan. Izen-ematea egunean bertan ere egin daiteke. Martxan parte hartu barik ere egin daiteke diru ekarpena, webguneko '0 dortsala' aukeraren gainean klikatuz.

Martxara laranja koloreko arroparekin edo kolore horretako zerbaitekin joatera animatu dituzte parte hartzaileak, horixe delako Alboan GKE-ren kolorea.

Ekimenaren inguruan

Alboan-eko nazioarteko lankidetzarako koordinatzailea den Leire Morquechok emakume migratzaileen inguruan dituzten proiektuen berri eman du. "2018an 'Emakumeok Martxan' programarekin hasi ginen. Afrikara bidaia batzuk egin genituen, mugikortasun prozesuetan murgildurik zeuden hainbat emakume afrikarrekin elkarrizketak izateko. Euren erronkak eta ametsak kontatu zizkiguten. Amets horiei tiraka hainbat proiektu abiatu genituen, euren bizitzak apur bat errazteko, ahal zen neurrian". Gaur egun, Afrika eta Ertamerikako hamabi herrialdetan proiektuak dituzte.

Azken urteetan emakume migratzaileen kopurua "gero eta handiagoa" dela eta hurrengo urteetan "are gehiago handituko" dela adierazi du Morquechok. Emakume horiek jasaten dituzten gehiegikeriak askotarikoak dira. "Sexu indarkeria edo beraien eskubideen urraketak. Horiek dira arrazoi batzuk beren sorterria uzteko. Gero, transitoan edo bidean ere hainbat zailtasun bizi dituzte eta arlo horretan laguntzen saiatzen gara". Hain zuzen, domekako martxagaz batutako dirua ildo horretako proiektuetara bideratuko dute.

Alfredo Sarriugarte San Jose Jesuitak ikastetxeko zuzendariak kulturen arteko bizikidetzaren aldeko "konpromiso sendoa" dutela adierazi du. "Mugikortasunaren inguruan gure konpromisoa hauxe da: migrante guztiei harrera egitea eta, horren bidez, euren kulturagaz gu aberastea eta eurak gure euskal kulturara ekartzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!