"Alkohol gutxi igartzen zaien koktelek funtzionatzen dute ondoen"

Aitziber Basauri 2023ko abe. 10a, 10:30

Koktelen munduan inguruko erreferente izan guran, Monkey's Lab tabernak orain urte eta erdi ekin zion bideari ehuneko ehunean. Ander Diezek (Durango, 1993) koktelak sortzeko sukaldaritzako eta kokteleria klasikoko tendentzietatik eta sare sozialetatik edaten du, eta interesgarria izan daitekeen edonogaz hartuko luke koktel bat. Abenduaren 27rako koktel tailerra prestatu dute.

Zer hartu behar da kontuan koktel bat prestatzeko?
Lehenengo eta behin bezeroa ezagutu behar da, bere gustuak, eta, gero, momentu horretan zer hartu gura duen jakin. Ez da berdina bazkalduta egotea edo ez, edari indartsuak gustuko izatea edo ez, alkoholik bako koktela gura izatea... hori jakinda, osagaiekin jolasten hasi gaitezke. 

Momentu bakoitzerako koktel bat dago ala edozein momentu da ona?
Guk apardun edaria, cava adibidez, bazkaldu ondoren hartzen dugu: postreagaz, kafeagaz.... Herrialde Katalanetan, ostera, aurretik edaten dute eta otordu guztian zehar jarraitzen dute edaten. Kulturari oso loturiko kontua da. Dena dela, momentu bakoitzerako pentsaturiko koktelak daude. Bermuta lako janaurreko koktelak daude, ondoren jango duzunaren zaporean eragingo ez dutenak, edo bazkal-afalosterako digestio-laguntzaileak, gozoagoak direnak; eta zaporeak gehiago irauten du ahoan... Trago luzeak edo freskagarriak ere badaude: Bloody Mary-a edo mojitoa, hurrenez hurren. Koktela beroa ere izan daiteke; kafe irlandarra, adibidez.

Koktel lez identifikatzen ez ditugunak aipatu dituzu.
Bai, askotan uste dugu kokteleria alkohol gogorretara mugatzen dela. Ez da horrela, koktelen munduak gauza piloa batzen du. 

Koktelak edonorentzat dira?
Bai. Bakoitzak bere gustuak ditu, baina ziur zerbait gustukoa topatuko dugula. 

Bizkaiko Bartenderren Elkarteak antolaturiko koktel txapelketa irabazi duzu, aurten bigarrenez.
Aspaldi ikusi bako lagun arteko egun polita izaten da; gainera, lehia osasuntsua izan dadin ahalegintzen gara. Besteen lana ikusteko aukera dugu, eta, teknikari begiratuta, esango nuke batek baino gehiagok egin zutela nik baino hobeto. Sorpresa hartu nuen.

Zein da erronka orain?
Kokteleriaz bizi gura genuke, baina momentu honetan tabernako eguneroko lana dugu erronka.

Modan dago kokteleria?
Demokratizatu egin dela esango nuke. Sorpresaz ikusi dugu jende gaztea ere animatzen dela gauzak probatzera, eta oso jende nagusia ere bai. Orain urte batzuk, koktelak adin tarte bategaz zeuden lotuta.

Zeintzuk funtzionatzen dute ondoen?
Alkohol gutxi igartzen zaien koktelek. Edari zuriak dira gehien kontsumitzen direnak. Hala ere, aurreritzi mordoa dugu, alkohol eskasa hartu dugulako, kalte egin digulako... baina gama desberdinak daude. Zer kontsumitzen dugun jakitea da garrantzitsuena, alkoholaren osagaiak, jatorria...

Zein da zure gustukoena?
Egurragaz interakzionatzen dutenak gustatzen zaizkit gehien. Old Fashioned, adibidez. Geroago eta joera handiagoa dut alkoholik gehien duten horiek hartzeko. Horiek dute matiz gehien, eta edan ahala zaporea aldatuz doaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!