Deniba Konare durangarrak Espainiako Judo Txapelketan brontzea irabazita amaitu du senior mailan aritu den estreinako urtea

Anboto 2023ko abe. 9a, 11:50

Kirola edozein dela ere, juniorretatik seniorretarako trantsizioa konplikatua izaten da. Deniba Konare 20 urteko durangarra puntu horretan izan da aurten eta nota onagaz gainditu du erronka. Esaterako, joan zen asteburuan brontzezko domina irabazi zuen Iruñean lehiaturiko Espainiako Judo Txapelketan. 

Ez zen erraza izan. Nekatuta heldu da urte amaierara eta gorputzak ez zion berak gura zuen moduan erantzun. Ondorioz, ezin izan zuen bere ohiko estilo erasokorra praktikatu. Txipa aldatu eta beste taktika bat erabili zuen: aurkariari itxaron, pazientzia izan, esperientzia baliatu, bestearen akatsak aprobetxatu… Modu horretara egin zuen brontzea lortzeko bidea. "Futbolean ere ez dira partidu guztiak lau goleko abantailagaz irabazten. Batzuetan penalti txandan irabazten dira. Denibak errekurtsoak dituela eta egoerara moldatzen dakiela erakutsi du. Pozik gaude dominagaz, eta baita ikasi dugunagaz ere", adierazi du Iñaki Salas Durango Judo Taldeko entrenatzaileak.

Aimar Aiartzaguena 20 urteko durangarra ere txapelketa berean aritu zen eta ez zuen lehenengo txanda gainditu. Aurten inoiz baino serioago entrenatzen aritu da eta gehitxoago itxaroten zuen, baina ez zuen zorterik izan. "Hala ere, bide onean dago eta horixe da garrantzitsuena", esan zuen Salasek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!