Herri Urratsek euskarazko musika talde berriei begirako maketa lehiaketa aurkeztuko du Talaian

Anboto 2023ko abe. 8a, 11:00

Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikastolen aldeko jaiak egitasmo berri bat iragarriko du Durangoko Azokan: euskaraz abesten duten musika talde berriei begirako maketa lehiaketa.

"Urtero-urtero talde ugari ipintzen da hartu-emanetan Herri Urratsegaz. Denek jo gura dute kontzertua egun horretan. Hori ikusita, aurten, lehenengoz, musika lehiaketa bat antolatzea pentsatu dugu", azaldu dute antolatzaileek. Euskaraz abesten duten taldeek hiru abesti bidali beharko dituzte wetransfer bidalketa sistema bidalita, honako helbide honetara: herriurrats@ikastola.eus. Abestiekin batera, taldearen izena, jatorria eta kontaktua bidali beharko dira. 

Egitasmoaren xehetasun guztiak abenduaren 9an aletuko dituzten arren, Herri Urrats jaialdiko iturriek jakinarazi dute abenduaren 3tik aurrera bidali daitezkeela lanak. Urtarrilaren 3ra arteko epea egongo da horretarako. Behin lan guztiak jasota, epaimahaiak otsailaren 2an jakinaraziko ditu irabazlearen edo irabazleen izenak. Saria Herri Urratsen bertan jotzea izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, "euskal musika talde berriei aukerak zabaltzea" da egitasmoaren helburua.

Maketa lehiaketak Berria egunkariaren Badok ataria du bidelagun. Euskarazko musikari buruzko atariak abestien zerrenda bat osatuko du txapelketara aurkezten diren talde guztiekin.

Herri Urrats, maiatzaren 12an
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaialdia maiatzaren 12an bueltatuko da Senpereko lakura, Ortzadarra lelopean. Jaialdiaren 41. edizioa izango da. Neomak taldeak egingo du aurtengo abestia, eta baturiko dirua Beskoitzeko ikastola (Lapurdi) egonkortzeko izango da. Maiatzeko bigarren domeka heldu arte, baina, beste ekitaldi ugari egingo dute. Hala nola bertso saioa, Go!azen saioaren azken emankizuna eta zozketak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!