Abenduaren 6tik 10era bitartean erakusleiho itzela bihurtuko da Durango, kulturzaleen topagune. Horren jakitun, Basarte Euskal Eskultura Azoka antolatu du Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak; abenduaren 30era bitartean egongo da Azoka irekita. Besteak beste, Juanjo Abaurrearen, Victor Arrizabalagaren, Rai Bikandiren edota Felix Alanguaren lanak egongo dira. "Gazte jendeak Mikeldiko Idoloa ezagutzea gura dugu, hurbileko ikusi dezatela; horrez gainera, erreplikaren sortze prozesua ere aberasgarria izango delakoan gaude". Hain zuzen ere, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak Eskuahaldunak elkartearen ekarpena azpimarratu du. "Durangoko Azoka asko aldatu da 58 ediziotan. Hein handi batean, herritarren eta elkarteen ekarpen edo proposamenengatik da. Kasu honetan, azokaren bueltan arte plastikoen hutsunea beteko da", gehitu du.
Abenduaren 6ik 10era bitartean, 10:00-20:30 bitartean egongo da zabalik Basarte azoka. Gainontzeko egunetan, ordutegi hau izango du: martitzenetik eta barikura bitartean 18:30-20:30 eta zapatuetan, 11:30-13:30 eta 17:30-20:30.