Durangoko Udalak garbiketa zerbitzua bikoiztuko du Azokako egunetan

Anboto 2023ko abe. 4a, 12:47

Segurtasunari dagokionez, Udaltzaingoak arreta biderkatuko du Landako Gunearen inguruan eta Alde Zaharrean. Azokako egunetan Durangora gerturatzeko asmoa dutenei garraio publikoa erabiltzeko eskaria egin diete.

Durangoko Udalak garbitasun eta segurtasun zerbitzua handituko du Azokako egunetan. Abenduaren 6tik 10era bitartean, garbitasun dispositiboa bikoiztuko dute, zeregin horretara 6 makina baldeatzaile, lurra batzeko 4 makina, edukiontziak batzeko 4 kamioi eta lurra eskuz batzeko 7 makina bideratuta. Horrez gainera, behargin kopurua ere handituko dute. 24 langile egongo dira lanean, normalean baino %60 gehiago. Josune Escota zinegotziak azaldu du zerbitzua "San Fausto jaietan atontzen den antzekoa" dela, eta bizilagunen "ongizatea bermatzea" duela helburu.

Horrez gainera, segurtasuna ere areagotuko dutela azaldu dute udal ordezkariek. Javi Sánchez udaltzain azpi-ofizialak zehaztu du agenteen presentzia "biderkatuko" dutela Landako Gunearen bueltan eta Alde Zaharrean. Ibilgailu patruilak areagotzeaz gainera, agente gehiago egongo dira lanean, "bai uniformez eta bai kaletar" jantzita. Sánchezek zehaztu du azpimarra berezia egingo dutela gau giroan, "ohikoenak" izaten diren delituak, "askatasun sexualaren kontrakoak, lapurretak eta ebasteak" saihesteko. 

Garraio publikoa erabiltzeko deia

Mireia Elkoroiribek garraio publikoa erabiltzeko deia egin die Euskal Herriko bazter guztietatik Durangora etorriko direnei. "Asteburu oso batez Durango euskal kulturaren hiriburu izango da. Berri ona da, baina baita ardura ere, mugimendu hori guztia kudeatu behar delako". Alde horretatik, alkateak gogoratu du bisitariak EuskoTren eta Bizkaibus zerbitzuak erabilita iritsi daitezkeela modu erosoan.

Edozelan ere, Azokara datozenek honako aparkaleku hauek izango dituzte erabilgarri: San Roke (Durango), Eroski (Abadiño), Alcampo (Durango), AP-8 autopistako irteera (Iurreta) eta Arandiako industrialdea (Iurreta). Gerediaga elkarteak kudeatuko du horietara autoz ailegatzeko seinalektika, udalak aurreratu duenez.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!