Geu Be elkarteko kideak Andra Mariko elizpean batu dira pertsonen gaitasunak askotarikoak izan daitezkeela aldarrikatzeko. Goizeko 11:00etan hasi dute ekitaldia. Saltsan katering etxeko kideen laguntzagaz salda beroa eskaini diete herritarrei, debalde. Horrez gainera, umeei begirako tailerrak egin dituzte. Aurpegi margoketak, adibidez.
Geu Bek 20 urteko ibilbidea du. Hamarkada hauetan bietan makina bat lan egin du beharrizan bereziak dituzten herritarrei eta familiei aisialdia eta elkargunea eskaintzen. Horrez gainera, zenbatu ezinak dira elkarteak eskualdean zehar ikusgaitasuna lantzeko egindako egitasmoak. Elkarteko kideek beti aldarrikatu dute gaitasunek eta pertsonek ez dutela mugarik.