Mendi lasterketak antolatzeaz arduratzen diren kide batzuek eta lasterketetan parte hartzen duten korrikalariek egitasmo bat abiatu dute: Etiketa Berdea. Mendi lasterketa etikoen aldeko manifestua. Probek harturiko "norabidea eta masifikazioa" dela eta ekin diote egitasmoari, hain zuzen ere, "elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean" oinarritutako lasterketak sustatzeko. Zentzu horretan, Euskal Herrian egiten diren mendiko probak balore horien baitan antolatzera deitu dute. Jakinarazi dutenez, honezkero 30 baino gehiago dira Etiketa Berdea zigilua lortu duten Euskal Herriko lasterketak. Egitasmoa etxetik kanpo indarra hartzen badabilela gaineratu dute. "Espainiako estatuan eta Katalunian, adibidez".
Egitasmoa azaroaren 25ean aurkeztu zuten Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan. 40 bat lagun batu ziren bertan. Lasterketetako antolatzaileak, korrikalariak, inklusibitatearen aldeko eragileak, bizikidetzan adituak eta norbanakoak batu ziren aurkezpenera.
Atari digital bat ere sortu dute: etiketaberdea.eus. Bertan kontsultatu daiteke lasterketa jasangarri eta etikoei begira sortu duten dekalogoa.