Durangoko Uztai Taldeak umeen Txikigym gimnasia erritmiko erakustaldia antolatuko du zapatuan, 11:00etan, Landako kiroldegian. Bizkaiko hainbat klubetako eta ikastetxetako benjamin-aurreko umeen saioak ikusi ahal izango dira. Sarrera doakoa da.
Urtero lez, ekimenak izaera solidarioa izango du. Cafes Baquek emandako kafea eta Uztaiko kideek egindako bizkotxoak salduz batuko dute dirua. Biek prezio berdina dute: euro bat. Batutako guztia Bihotzez elkarteari emango diote. Bihotzez elkarteak sortzetiko kardiopatia duten pertsonen eta beraien familia-kideen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du, diagnostiko unetik eta bizitzako etapa desberdinetan, eguneroko bizitzan babes eta sostengua emanaz.