GREBA FEMINISTA OROKORRA

[BIDEOA]: "Etorkizuneko zaintza sistema publiko eta komunitarioa gauzatzeko unea" dela aldarrikatu dute Durangon

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 30a, 20:45

Greba feminista orokorra manifestazio jendetsu batekin amaitu da Durangon. Antolatzaileek "historikotzat" jo dute gaurko eguna, eta zerbaiten amaiera barik, "zerbaiten hasiera" dela aldarrikatu.

Zaintzak erdigunean! Seguruenik hori izan da Hego Euskal Herriko luze zabalean gaur gehien entzun den aldarrikapena. Mugimendu feministak "historikotzat" jo du gaurko jardunaldia. "Mugarri bat" ezarri duela esan du, eta aurreratu du ez dela azkena izango, "ugari" izango dira-eta etorriko direnak. Durangon oso jendetsua izan da iluntze honetako manifestazioa. Manifestazio buruak Andra Mari eta Zumalakarregi kaleen arteko bidegurutzean egon behar izan du zain bost minutu luzez, manifestazioaren bukaeran zeudenak aurrez aurre ez katramilatzeko. Martxa Andra Mariko elizpean bukatu dute, aldarrikapenak jai bihurtuta.

"Kolapsoa"

Manifestazio bukaerako ekitaldian adierazi dutenez, egungo zaintza eredua "kolapsatuta" dago. "Sinestarazi da familiak eta zehazki, emakumeak direla zaintza lan horiek burutu behar dituztenak. Oso murritzak dira zaintza lanak eskaintzen dituzten gizarte zerbitzu publikoak. Gainera, zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira instituzioetatik", kritikatu dute. Egungo eredua "patriarkatuan, kapitalismoan eta kolonialismoan" oinarrituta dagoela esan eta "beste zaintza eredu bat posible" dela aldarrikatu dute.

Hori guztia dela eta, "zaintza sistema publiko eta komunitario baterako bidean, erabakiak hartu eta aldaketak emateko unea" dela iritzi diote grebaren antolatzaileek. Horri begira "Herri Akordio bat" ere osatu dutela azaldu dute, eragile feminista, sindikal eta sozialekin. "Euskal gobernuengna zuzentzen ari gara argi eta garbi: mahai intersektorial bat sortzea exijitzen dugu, zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko. Ez egin entzungor gure eskaerei", adierazi dute.

Irakurritako adierazpenean, pentsiodunak, landa eremuko emakumeak, etxeko langileak eta arrazalizatutako etxeko egoiliarrak izan dituzte gogoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!