Durangoko Udalak izotz pista naturala atonduko du Landako Gunean, gabonetako ospakizunen testuinguruan. Azpiegitura abenduaren 22an zabalduko dute, eta erregenak amaitu arte, urtarrilaren 7ra arte, egongo da erabilgarrik. Iazko pista sintetikoaren ordez, aurtengoa naturala izango dela aurreratu du udalak. Horretarako arrazoia "pista sintetikoak izan zuen harrera txarra" da, udal iturriek azaldu dutenez.
Jesica Ruiz alkateordearen esanetan, "izotz-pista erakargarria da adin desberdinetako pertsonak entretenitzeaz gain, beste udalerri batzuetako jendea Durangora hurbiltzeko eta, bide batez, erosketak egiteko aprobetxatzeko". Merkataritza aktibatzeko "onuragarria" dela iritzi dio.
Gobernu taldeak izotz pistaren aldeko apustua egiten duela berretsi du, eta esan du iazko pista artifizialak "oso publiko gutxi" erakarri zuela. 2019an, izotz pista naturala ipini zen urtean 8054 erabiltzaile izan ziren, eta 2022an, artifizialagaz, 2963. Izotz pistaren kontratazioa lote bitan gauzatu dute. 54.450 euro bideratu dituzte pistaren hornidurari eta instalazioari begira. Beste 11.455 euro monitoreak kontratatzeko izango da.