Jesuitak Durango ikastetxeak zapatuan antolatuko duen Valentin Juaristi torneoan 250 kirolarik hartuko dute parte

Anboto 2023ko aza. 29a, 11:00

Bilbotik, Iruñeatik eta Gijondik etorriko dira haur-kategoriako 250 neska-mutikoak.

Jesuitak Durango ikastetxeak Valentin Juaristi torneoa antolatuko du zapatuan. Loiola Indautxu (Bilbo), Colegio San Ignacio (Iruñea), Colegio Inmaculada (Gijon) eta San Jose Jesuitak (Durango) ikastetxeetako 17-18 taldek hartuko dute hiru kiroletan: saskibaloian, eskubaloian eta futbolean. Partiduak Jesuitak Durango ikastetxean jokatuko dira. Goizeko partiduak 09:00etan hasiko dira eta arratsaldekoak, 15:00etan. 19:00etan sari banaketa egingo dute eta ostean luntxa egongo da ikastetxeko familiekin batera.

Hain justu, familiak dira torneoa 29 urtetan antolatu izanaren arrazoia, eta hori bera azpimarratu du Elena Asenjo Muruagak, Jesuitak Durango ikastetxeko Eskolaz Kanpoko Ekintzen koordinatzaileak ohar batean: “Nire nebek eta gurasoek parte hartzaile moduan eta antolaketan lagundu zuten, eta ilusio handiarekin eman diot jarraipena proiektuari, baina gehien gustatzen zaidana da gure ikastetxeko familiek elkarlanerako izaten duten erantzuna”.

Jesuiten ikastetxeen arteko torneo bat da eta Juanjo Morenoren ideia-proiektua izan zen. Kirolaren eta elkarlanaren bidez, ikastetxeko izaerarekin bat egiten duten giza balioak transmititzea da helburua. 

Txapelketa Gijonen antolatu zuten hasierako urteetan eta hango esperientzia eskertzeko modua izan zen Durangon antolatzea. “Gure egungo familia askok gogoratzen dute Gijongo txapelketa hori, eta Durangok modu berean itzuli nahi izan zien haiengandik jasotzen zuena”, azaldu du Asenjok. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!