San Fausto auzo elkartea: "Auzoan gizarte etxe bat ahalik arinen egitea defendatuko dugu"

Joseba Derteano / Ekaitz Herrera 2023ko aza. 27a, 21:54

San Faustoko auzotarrak Kapitanenako baserriaren aurrean.

Gobernu Talde berriak Kapitanenareko eginda dagoen proiektua momentuz geratzeko eta planteamendua birpentsatzeko asmoa erakutsi ostean, auzokideek proiektuari eusteko eskatu dute eta sinadura bilketa bati ekingo diote.

Durangoko San Fausto auzoan, Kapitanena deritzon baserrian, auzotarrentzako zentro zibikoa egiteko proiektuak eztabaida eragin du azken orduetan. Gobernu Taldeak gaur goizean iragarri du ez duela aurreikusten "epe laburrean" proiektua gauzatzea udalaren egoera ekonomikoa "zaila" delako. Adierazi dute ez dutela proiektua geratu gura, baina bai auzotarrekin batera planteamendu berri bat egin "inbertsio txikiagoarekin". Horren aurrean, San Fausto auzo elkarteak prentsaurrekoa eskaini du gaur arratsaldean dagoeneko eginda dagoen proiektua defendatzeko. "Aurreko gobernu taldearekin elkarlanean landutako proiektua da. Urte bian auzotarrekin hamar bat batzar egin ditugu auzoan dauden beharrizan guztiak jasotzeko. Lanketa horren ostean azken emaitza batzar ireki batean aurkeztu genuen eta bertaratu zirenek ondo hartu zuten. Proiektuak 1.022.000 miloi euroko diru atal bat ere bazuen eta dena prest zegoen lehiaketara ateratzeko", azaldu dute. Horregatik, planteamendu berriei "atea itxi barik", dagoeneko eginda dagoen proiektua "aproposa" dela uste dute.

Gobernu Taldeak argudiatu duen diru falta zalantzan jarri dute. "Aurten 42 milioi euro egon dira proiektuak gauzatzeko. 2024an 43 milioi egongo dira, aurten baino milioi bat gehiago. Gainera, Aldunditik 1,6 milioi jasoko dituzte eta euretatik 350.000 soberakinetara joango dira zuzenean. Aurreko Gobernu Taldearen arabera, badago Ona-tik Tabira ingurura proiektu bat, zeinarekin bost milioi euro inguru berreskuratuko dituzten. Gobernu honek esan gura ez dituen edo auzotarrei ezkutatu gura dizkien gauzak dira", arrazoitu dute.  

Horregatik guztiagaitik "auzoan gizarte etxea bat ahalik arinen egitea defendatuko" dutela adierazi dute eta aurrera begirako ekintzak azaldu dituzte. Sinadura bilketa bat abiatuko dute. Zapatu honetan Andra Mariko portikoan egongo dira. Auzoko tabernetan eta elkartearen lokalean ere batuko dituzte sinadurak. Horrez gainera, eguazten arratsaldean Durangoko Udalean egingo den udalbatzarrera joateko asmoa erakutsi dute. 

Gobernu Taldea: egoera ekonomikoak markaturiko "zuhurtzia"

Goiz honetan, Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak agerraldia egin dute prentsaurrean. Auzo etxea behin-behinean gelditzeko erabakia arrazoi ekonomikoei zor zaiela azaldu dute: "Egoera ekonomikoa da proiektua, momentuz, gelditzeko arrazoi nagusia. 2018an, udalak 5,7 milioi euroko soberakinagaz zarratu zuen urtea, 2019an, 8,4 milioigaz. Gobernura iritsi garenean, berriz, 404.000 euroko soberakina topatu dugu. Horrek proiektua birpentsatzea eskatzen digu, udalerrian urgentziazko beste hainbat beharrizan daudelako. Hala nola, Adinekoen Etxean hobekuntzak egitea edo Tabirako aldagelak berritzea. Auzo etxea behin-behinean geldiaraztea ez da inoren gustokoa. Ezta gurea ere, baina egoerak arduraz jokatzea eskatzen digu", azaldu du Jesica Ruiz alkateordeak. Mireia Elkoroiribe alkateak "zuhurtziaz" jokatzea erabaki dutela defendatu du. "Soberakin kopuru hori dela eta, koltxoi apur bat beharrezkoa dugu etor daitezkeen eta aurreikusi barik dauden gastuei aurre egiteko. Edozelan ere, honek ez du esan nahi proiektua ez denik egingo. Proiekturik onena ote den ere aztertu gura dugu", azaldu du Elkoroiribek. Alkateak gaineratu du "hartu eman estua" izan gura duela herriko auzo elkarte guztiekin, eta San Faustoko auzotarrekin "elkarlanean" aritzeko borondatea ere berretsi du. Azaroaren 30a, eguen honetan, auzotarrekin berriro batzea aurreikusten dute.

EH Bilduk "blokeoa" egotzi dio gobernu taldeari

Koalizio subiranistak "ez du arrazoirik ikusten" zentro zibikoa "geldiarazteko". Proiektua "blokeatzen" ibiltzea egotzi dio gobernu taldeari, eta erabakia "atzera pausoa" dela dio. "Kapitanena baserrian lehen obrak eginda, proiektua auzotarrekin diseinaturik eta eraikina amaitzeko obren dirua bideraturik dagoelarik, ezin da ulertu orain proiektua gelditzea. Gutxiago auzotarren aldarrikapen historikoa izan denean auzo-etxearena", kritikatu du koalizioak ohar bidez. Gaineratu dutenez, "aurreko legegintzaldian auzotarren eskaerei erantzuna eman zien aldaketaren gobernuak, taberna, frontoia edo errepideak konponduz, besteak beste. Oraingo gobernuak iraganera itzuli nahi duela dirudi, Durangoko auzoak berriro abandonatuz". San Faustoko auzotarrei "azalpenak emateko bilera ireki bat" antolatzea eskatu diote gobenu taldeari.

Herriaren Eskubidearen bilera martitzenean

Talde independentea "kezkatuta" agertu da auzo etxea egiteko "atzerapenengatik" zalantzan ipini du gobernu taldeak San Faustorako gizarte etxe bat gura izatea. "Beldur dira, auzoari dirua kenduko ote dioten beste proiektu batzuetara eramateko, gobernatu zuten azken aldian egin zuten bezala". Herriaren Eskubideak auzo bilera egingo du San Faustoko elizan, bihar, martitzena, 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!