"Gustuko liburua topatuz gero, ziur piztuko dela zaletasuna"

Anboto 2023ko aza. 25a, 10:30

Interesatzen zaizkion esparruak jorratzeko espazioa sortu gura izan du Maialen Elorzak (Elgeta, 1985), ilustrazioa eta sormena bultzatzen dituena. Liburu denda independentea izatea erronka handia dela aitortu du, baina, dioenez, askatasuna ematen dio gustuko liburuen aukeraketa egiteko. "Horixe dut gustukoena", argitu du. Oso eskertuta dago urte hauetan herritarrek emaniko konfiantzagaitik eta babesagaitik, eta bide beretik jarraitzea du etorkizuneko erronka. 

Zelakoa izan da urte hauetako guztietako ibilbidea?
Horrelako proiektu bat duenak badaki bidea ez dela beti erraza, batzuetan gazia eta besteetan gozoa izaten dela. Lanbidea denboraren poderioz ikasiz joan naiz eta bide honetan hainbat krisi eta pandemia pasa dugu; beraz, ekintzaile legez, momentu desberdin asko eta emozioz beteak bizi izan ditut. Ogibide hau nahiko idealizatuta dagoela iruditzen zait eta, askotan, atzean dagoen lan mordoa ez dela ikusten; baina, era berean, xarma berezia du. Horregaitik, pasioz bizitako bidea da nirea.

Zelan sortu zitzaizun zuri irakurzaletasuna?
Ilustrazioa gustatu zait betidanik; baita edizio edo formatu berezidun liburuak ere. Irakurtzeko modu asko dagoela uste dut. Berbek diotenaz gainera, ilustrazioek kontatzen dutenak bereziki erakartzen nau.

Non dago irakurzaletasuna sustatzeko gakoa?
Ez dago formula magikorik. Txikitatik etxean, eskolan, liburutegian, eta nagusitan irakurle taldetan, adibidez, egiten den lana beharrezkoa dela uste dut. Elkarlan horretan egon daiteke gakoa. Baita irakurleei aukera desberdinak eskaintzean ere, ez dagoelako liburu bakar bat. Gustuko liburua topatuz gero, ziur piztuko dela irakurtzeko zaletasuna. Gainera, inoiz ere ez da berandu irakurzaletzeko. Bide horretan, funtsezkoa da liburu dendek, kultur eragile diren neurrian, herriko beste eragileekin (liburutegiak, museoak eta  kulturguneak...) hartu-emana izatea, sinergiak sortzea, elkar elikatze horrek ematen duena herritarrei eskaintzeko.

Bereziki harrapatu zaituen liburu bat?
Haur literatura oso gustuko dut, eta azken urteotan eleberri grafikoa ere bai, baina ezin naiz bakar bategaz geratu. Asko dira Artekan egin diren liburu aurkezpen eta ilustrazio erakusketak, eta denak ditut barruan gordeta. Idazleak edo ilustratzaileak, eta euren proiektuak, bertatik bertara ezagutzeak haien lana beste era batean ulertzea eta gozatzea dakar. Horrek sorturiko sentsazio ederrekin geratzen naiz.

Sormen lanak erakusteko espazioa ere bada Arteka.
Bai, sormenerako espazio lez ulertzen dut. Arteagaz loturiko askotariko sormen espresioak batzea da helburua, eta eskualdeko zein Euskal Herriko artistei euren lanak erakusteko txoko bat eskaintzea, jendeari hauetaz gozatzeko aukera emanez, eta horrela saretzea bideratu eta bultzatuz. Argitaletxe txikiei lekua egiten ere ahalegintzen naiz.

Gomendatuko zenuke libururen bat?
Asko gomendatuko nituzke. Azkenaldian irakurritakoen artean, ikaragarri gustatu zait Por culpa de una flor eleberri grafikoa, adibidez. Liburu denda txikietara joateko gonbita egingo nuke, eta bertan gomendioa eskatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!