Durangarren iritzia erabakigarri, gabonetako erakusleihoen lehiaketan

Anboto 2023ko aza. 22a, 15:34

Herritarrek bozketa bidez erabakiko dute sarietako bat, eta denda parte hartzaileek bereizgarri bat izango dute ipinita erakusleihoan. 

Azken urteotan Durangon errotzen dabilen txapelketa bueltan da.  Udalak gabonetako erakusleihoen lehiaketaren edizio berria antolatu du herriko komertzioei eta ostalariei begira. Aurtengo edizioa nobedadeekin dator. Izan ere, aurten, herritarrek boto bidez erabakiko dute sarietako bat. Abenduaren 18tik 22ra bitartean botoak eman beharko dituzte partehartu.durango.eus atarian. Erabaki horri eskerrak, establezimendu irabazleak 300 euroko saria eskuratu du.

Bestalde, epaimahai batek gainerako sari hauek erabakiko ditu: 1.500 eurokoa lehenengoarentzat, 1.000 eurokoa bigarrenarentzat eta 500 eurokoa hirugarrenarentzat. Antolatzaileek azaldu dutenez, "kalitate estetikoa, produktuaren erakusketako originaltasuna, asmanena eta sormena eta Durangoko historiaren eta sinboloen arteko lotura" erabiliko dituzte sariak banatzeko irizpide modura. Jesica Ruiz alkateordeak adierazi duenez, establezimenduetako "erosketak eta kontsumoa" sustatzeaz gainera, "durangarrak inplikatu eta parte hartzea" gura dutela.

Oinarriak

Egitasmoan parte hartzen duten komertzioek abenduaren 11tik urtarrilaren 7ra arte izan beharko dituzte gabonetako erakusleihoak, apainduta eta jendaurrean. Lehiaketan parte hartzeko eskabideak HAZen egin behar dira. Sari banaketa abenduaren 28an egingo dute Durangon, Bizkaidendak Erakusleihoen Lehiaketaren Finalarekin batera.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!