Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak Durangoko Udalaren laguntzarekin Fokuan gizarte-zinemaldiaren hirugarren edizioa aurkeztu du. Bi saioko edizio honetan, errefuxiatuei eta migratzaileei loturiko gai sozialak landuko dira. Aurten, Durangoko zenbait ikastetxetako (Ibaizabal Ikastola, Jesuitak eta Maristak) 400 ikasle inguru hurreratuko dira proiekzioak ikustera. Hala, Fokuan-en bidez Durangoko 16 eta 18 urteko ikasleak garrantzi handiko gai horien inguruan sentsibilizatzea da aurtengo edizioaren helburua, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez.
Zinema dokumentala eta film laburrak baliatuz, munduko zenbait errealitateren inguruan sentsibilizatzea lortu nahi du erakundeak. Saharako gatazkak pisu berezia izango du Fokuan-en, baina beste gatazka batzuk ere landuko dira, hala nola errefuxiatuek erbestean bizi dituzten zailtasunak eta Espainiara bakarrik iristen diren gazte migratzaileen esperientziak.
Saio biak Durangoko Zugaza zineman izango dira. Lehenengoa bihar da eta 'Tori et Lokita' filma eskainiko dute. Abenduaren 19an 'M' izeneko dokumentala emango dute. Dokumental honek adin txikiko etorkinen errealitatea eta bizitzen dituzten zailtasunak kontatzen ditu.