"Bizimodu honek emaniko askapen sentimendua gustatzen zait"

Aitziber Basauri 2023ko aza. 20a, 08:07

Irati Ircio Alberdi (Durango, 1994) Amerikan eta Asian zehar dabil azken urteotan. Artisautza du lanbide, libre sentiarazten duen ogibidea. Akasha izenpean osagarriak sortzen ditu, makrame teknika erabilita. Ziur dago Euskal Herrira bisitan bueltatuko dela, "denak du bere momentua".

Zerk bultzatuta erabaki zenuen Durangotik irten eta munduan bidaiatzea?
Buenos Airesera joan nintzen hiru hilabetez, unibertsitateko praktikak egitera, eta, amaitzean, Bolivian eta Perun zehar bidaiatu nuen. Esperientzia itzela izan zen, beste era batera bizitzeko aukera ezagutu nuen. Etxera bueltatu, eta hile bira Costa Ricara joan nintzen. Urte bian Costa Rican bizi ondoren, Nikaraguan, El Salvadorren, Guatemalan, Belizen eta Mexikon ibili nintzen.

Amerikatik Japoniara salto egin zenuen. Aldaketa handia izan zen?
Ameriketatik familia eta lagunak bisitatzera bueltatu nintzen, eta, ondoren, Indiara joan nintzen. Handik Malaysiara, Thailandiara, Kanbodiara... Oso urrun ikusten nuen Japoniara heltzea. Amets bat zen niretzat, orain bizitzen nabilen ametsa. Askotan, ingurura begiratu eta Doraemonen etxean nagoela sentitzen dut (barrez). Denborarik gehien mendialdean eman dut, eta udazkeneko koloreak izugarriak dira hemen.

Artisautzagaz hasi zinen Costa Rican.
Hala da. Orain sei urte makrameagaz hasi nintzen, eta ordutik nire ogibidea da. Gura dudan tokian lan egin ahal izateak, egun bakoitza berria izateak, oso libre sentiarazten nau; eta, oraingoz, ez dut ezergaitik ere aldatzen hau. Oraina bizitzea eta mundua esploratzea, horixe da Akasharen oinarria.

Zerk inspiratzen zaitu sormen lanerako? 
Naturan murgilduta sortzea maite dut: mendian, hondartzan, errekan... Edozein herrialde edo lekutan, baina beti naturaz inguratuta. Beti gustatu izan zait eskumuturrekoak egitea, eta ogibide bihurtzea posible zela ikustean egunero egiten hasi nintzen. Praktika eta diziplina lana da, orduak eta orduak korapiloka.

Filipinetara joatekoa zara orain. Bereziki erakartzen zaitu?
Toki askok erakartzen naute; gehienetan ez dut planik egiten hona edo hara joateko. Interneten hurbileko herrialdeetara dauden hegaldiak begiratzen ditut, merkeenaren bila. Japoniatik nahiko hurbil daude Filipinak, eta horregaitik pentsatu dut hara joatea. Eta hango hondartzengaitik ere bai, jakina! 

Nomadatzat duzu zeure burua? 
Bizitzako momentu honetan, bai. Oraingoz, horrela bizi gura dut, munduan neure leku berezia topatu arte. Bizimodu honek emaniko askapen sentimendua gustatzen zait gehien. Toki bakoitzean luzaroagoan egoteko aukera dut eta bertako jendeaz partekaturiko esperientzia gertukoagoa da.

Inoiz joan gura zenukeen leku hori...
Hainbeste leku bisitatu gura ditut! Baina Kazakhstan, Uzbekistan, Kirgizistan... Kuriostitatea dut munduko alde hori esploratzeko.

Etorkizunean zeure burua nonbait errotuta ikusten duzu?
Bai. Leku berezi hori topatu eta arte espazio bat sortzea dut helburu, bizimodu berdina konpartitzen duen jendearentzako komunitate bat. Batek daki non, baina leku hori aurkitu arte herrialde gehiago bisitatzea falta zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!