Europa Press berri agentziak zabaldu duenez, Guardia Zibilak sei pertsona atxilotu ditu Durangon, faltsututako arropa saltzea egotzita. Poliziak urriaren 22an hasi zituen eginbideak, jaietako bigarren domekan. Egun hartan, herrian zehar kale saltzaileen postuak zeudela eta, "Guardia Zibilaren kontrabandoaren aurkako eta iruzur fiskalaren kontrako agenteek ikerketa bat hasi zuten, postuotan marka komertzialen arropa faltsutua saltzen zelakoan". Momentuz sei dira atxilotuak, baina zazpigarren bat ikertzen dabiltzala ere jakinarazi dute berri agentziek.
Agenteek ikerketa bat hasi zuten, salgaiak Durangora zelan eta zein ibilgailutan ekarri zituzten jakiteko. Herriko sarrera-irteeretan kontrolak ezarri zituzten, eta horietan sei furgoneta geldiarazi zituzten. "Faltsututako merkantzia" atzeman zuten ibilgailuotan. Berri agentziak jakinarazi duenez, faltsututako 3.783 arropa eta osagarri topatu zituen poliziak, guztira 1.337.285 euroko balioagaz.