Gaur arratsaldean JAED-en stand solidarioa inauguratu dute Andra Mariko elizpean. Urtero lez, 1,50 eurotan eskuratu daiteke txartel bakoitza. Aurtengo aldia nobedade batzuekin dator. Esaterako, salgai dauden errifak 70.000 izatea eskatu dute, orain arteko kopurua baino 5.000 gehiago.
Horrez gainera, zozketako lehen saria den autoa esleitu gabe gera ez dadin, (aurreko aldi batzuetan hori gertatu da), aurten erreserba-zenbaki bat aterako dute. Lehenengo zenbakiari dagokion epea igarotzen denean —2024ko martxoaren 31—, bigarren zenbakia izango da balioko duena. Zozketa urtarrilaren 6an, 18: 00etan, izango da Santa Maria elizpean, eta Kriskitin Dantza Taldearen laguntza izango dute zenbakiak ateratzeko.
JAEDen Gabonetako Loteria ere eskuragarri dago stand-ean bertan nahiz ohiko establezimendu laguntzaileetan. Zenbakia urteroko berdina da: 51.384. Standean eskuragarri egongo den beste artikulu bat 'Durangoko Mikologia Katalogoa' da. Errotari Elkarteak —Dendak Bai eta Durangoko Udalaren laguntzarekin— dohaintzan eman die liburua, eta 10 euroko prezioan eskuratu daiteke.
60. urteurrena
Standaren irekiera ekitaldia 60. urteurrena ospatzeko aprobetxatu dute. "Inoiz baino ekintza gehiagorekin, lantalde berritu batekin eta inplikazio guztiarekin 60 urtera iritsi garela ospatu gura dugu", azaldu dute JAEDeko kideek.
Durangoko eta Iurretako udalei eta ekimenak aurrera eramateko laguntza eskaintzen dieten herritarrei nahiz establezimenduei eskerrak eman dizkiete.