Agustin Ibarrolaren azken 25 urteetako lanak batzen dituen 'Papera ardatz' erakusketa Durangon egongo da ikusgai

Anboto 2023ko aza. 16a, 13:38

Jon Sergio, Irrintzi Ibarrola eta Garazi Arrizabalaga.

Agustin Ibarrola artistak 1997-2022 bitartean egindako formatu txiki eta ertaineko 50 lanetik gora egongo dira ikusgai Durangoko Arte eta Historia museoan bihartik aurrera. Azaroaren 18tik urtarrilaren 28ra bitartean egongo da ikusgai. Erakusketaren irekiera ekitaldia gaur zen egitekoa, baina artista bizkaitarraren heriotzaren ostean, egun bat atzeratzea erabaki da. 

Omako basoagatik da ezaguna Ibarrola, baina oraindik ere lanean jarraitzen duela azpimarratu gura izan dute prentsaurrekoan; Arteagan margotutako harkaitzak, Llanesko Oroimenaren kuboak, edota Bottropeko Totem instalazioa dira bere beste lan ezagunenetako batzuk. Kasu honetan, baserrian egindako lanak erakutsiko dira, papera ardatz dutenak. "Ibarrolaren alderdi intimestena eta esperimentalena erakusten du erakusketak; bi kategoriatan banatu daiteke, alde batetik estraza paperaren gainean edo paper gaineko argizarizko grabatu eta igurtzien gainean egindako olio pinturaz eginiko formatuko txikiko piezak, eta beste alde batetik, egunkari paperaz eraikitako collage eta eskulturak", azaldu du Irrintzi Ibarrola erakusketako komisario eta Agustinen semeak. 

Aurretik, beste bi bider erakutsi dira Ibarrolaren lanak Durangon, 1970ean eta 1981ean, Ezkurdiko erakusketa aretoan, Leopoldo Zugazaren eskutik. "70eko eta 80eko hamarkadetan sortzen hasi zen bildumari balioa eman gura diogu modu honetan; Mari Puri Herreroren lanak ekarri ziren bezala, aurten Agustin Ibarrolarenak ditugu, eta datorren urtean, Nestor Barrenetxearenak eduki gura ditugu, bere jaiotzaren mendeurrenean", nabarmendu du Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak. 

 

Jon Sergio Astarloa Kulturgintzako presidentearen arabera ohore bat da Ibarrolaren lanak Durangon erakutsi ahal izatea. "Artista hau sakonago ezagutzeko aukera emango digu; Euskadiko erreferente garaikide garrantzitsua da eta Durangon kultura indartzen laguntzen digu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!