50eko hamarkadatik honako migrazio prozesuak aztergai, Durangoko Giza Bibliotekan

Anboto 2023ko aza. 14a, 17:58

Durangoko Udaleko Immigrazio Sailak eta Bizenta Mogel Bilbiotekak Bideak Gurutzatuz egitasmoaren edizio berria aurkeztu dute.

Azaroaren 17tik abenduaren 2ra arteko jardunaldietan, hainbat jatorritako durangarrek, haien arteko elkarrizketak, topaketak eta esperientziak elkartrukatuko dituzte. Jardunaldien helduleku nagusietako bat 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean, Espainiako Autonomia Erkidegoetatik Durangora bizitzera etorri zirenen migrazio prozesua aztertzea izango da. Horrez gainera, 1990eko hamarkadatik aurrera, beste herrialde batzuetatik etorritako errealitateak ere aletuko dituzte asilo-eskatzaileak, langileak, adingabeak edo migratzaile irregularrak oinarri hartuta.

Azaroaren 17an helduentzako ahozko narrazio saioa egingo dute Bibliotekan. 19:00etan izango da. Hilaren 22an, Xabier Aierdi soziologoak berbaldia eskainiko du Durangoko migrazio faseei buruz. 19:00etan izango da.  23an Zineforuma egingo dute Aita Mari filmagaz (18:30etan Elkartegian). Azaroaren 29an Giza Bibliotekaren edizio berri bat egingo dute Bibliotekan, 18:30etan, eta abenduaren 2an, Senegalgo musikan oinarrituriko perkusio tailerra egingo dute. 12:00etan izango da Bibliotekan.

Saioetan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik Bibliotekan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!