Liburuak Ampuero familiaren 500 urteko ibilbidea jasotzen du XV. mendetik gaurdaino, eta balio historikoa dauka, Durangoko iragana ezagutzeko dokumentu baliagarria izan daitekeelako. Hain zuzen ere, liburuko 600 orrialdeetan zehar, udalerriko izen ospetsu ugari agertzen dira. Besteak beste, Francisco Ibarra eta Bruno Maurizio Zabala konkistatzaileak eta Jose Maria Ampuero Jauregi senatari euskaltzale karlista. Ampuero familiari buruzko proiektu hau Jose Domingo de Ampuero y Osmak berak ipini zuen martxan, Alfonso de Otazu historialariaren ikerketa laguntzagaz.
Liburuaren ale biak jasotzeko ekitaldian Durangoko Mireia Elkoroiribe alkatea, Jon Sergio kultura zinegotzia eta Gerediaga elkarteko Nerea Mujika presidentea eta Beñat Gaztelurrutia kudeatzailea egon dira. Durangoko Udalak adierazi du liburua herritarrentzat eskuragarri ipini gura duela, eta horretarako kokaleku egoki baten bila dabilela.