[ARGAZKI GALERIA]: Errumaniako, Italiako, Zipreko eta Greziako ikasleak Durangon, antzezlan bat garatzera etorrita

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 15a, 10:00

Domekan, nazioarteko 24 ikasle eta 20 irakasle ailegatu ziren Durangora, eta domeka honetara arte egongo dira hemengo ikasleekin, apopilo. Erasmus programaren baitan, antzerki obra bat lantzen dabiltza, eta taularatu baino lehenagoko entseguak egiten dabiltza asteon. Eguenean estreinatuko dute, 15:00etan, institutuko aretoan bertan.

Ikasleak antzerki obraren entseguak egiten dabiltza egunotan. Entsegu bateratuak. Hain zuzen ere, orain arte, bakoitza bere jaioterrian ibili da-eta obra garatzen. "Lan asko dago atzetik. Ordu asko sartu dugu. Irakasleen artean hartu emanetan egon gara etengabe. Gidoia guk landu dugu Durangon, eta nazioarteko ikasleei bidali diegu", zehaztu du Jasmina Gorroñok. Batxilergo artistikoko irakaslea da, eta bera da antzerki obra koordinatzen dabilen arduradunetako bat.

Edurnezuriren sagarra zeinek pozoindu duen. Horixe da antzerki obraren mamia. "Erasmus programaren baitako proiektua denez, XXI. mendeko Europak dituen erronkak antzerkiaren bidez lantzea da proiektuaren ardatza. Mugikortasunak dakarren erronka da euretariko bat, eta obra honetan jasangarritasuna lantzea erabaki dugu. Umeei begirako antzerkia denez, haur literaturako pertsonaiak hartu, elkar nahastu, eta emaitza hau lortu dugu", dio Gorroñok. Aipaturiko jasangarritasuna dela eta, zakarrontzira botatzekoak ziren objektuei bigarren erabilera bat eman diete ikasleek. Birziklatutako materialarekin sortu dituzte obrarako jantzi guztiak.

Aizpea Gozategi ondarroarra Arte Eszenikoei loturiko Batxilergo ikasketak egiten dabil institutuan. Erasmus proiektuan parte hartzen ez badu ere, laguntza eskaintzen dabil antzerki obrak aurrera egin dezan. "Dantza, musikak, kudeatzen nabil eszenatokitik kanpo", dio. Laura Olabarria durangarra, berriz, Durangoko Institutuan dabil, DBHko 3. maila ikasten. Antzezle lanak egitea egokitu zaio obran. "Maitagarri baten rola jokatzea egokitu zait", zehaztu du. Olabarriak nazioarteko ikasleak jaso ditu asteon, baina maiatzean bera izan zen bisitari, Greziako Kavala hiriko ikastetxe batean egonaldia egin zuenean. "Oso egonaldi atsegina" izan zela dio.  Entseguak bukatuta, antzerki obra eguenean taularatu zuten institutuko aretoan bertan. Durangoko zein Bizkaiko beste hainbat herri bisitatu ostean, nazioarteko ikasleek domekan esango diote agur esperientziari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!