Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ailegatutako hamar saltokitako ordezkariak Durangon izan ziren joan zen eguenean, bertako merkataritza hurretik ezagutzen. Bisita Dendak Bai elkarteak antolatu zuen Retaileko Euskal Eskolarekin eta Bilboko Merkataritza Ganberarekin elkarlanean. Goiz osoan zehar, dendariek herriko zortzi komertzio bisitatu zituzten (CrisLa Sweets, SanchoTena, Sylke, Alga Artean eta Tantaka Diseinu Faktoria, Olabegojeaskoetxea harategia, Tyl Spaces, Dossis Design eta Saltsan). Dendari bakoitzak bere historia pertsonala, kontu teknikoak eta saltokian bizitako esperientziak kontatu zituen, tartean, berrikuntzari, digitalizazioari, bezeroen fideltasunari edo salmenta puntuaren kudeaketari loturikoak.
Dendak Baik Durangoko merkataritzaren aniztasuna eta, batez ere, kalitatea goraipatu zituen bisitan zehar. Merkatarien elkarteak bisitariek eta antolatzaileek helarazitako zorion mezuak goraipatu ditu. Horrelako egitasmoek Durangok merkataritza mailan duen garrantzia indartzen dutela aipatu du elkarteak.