"Kontzertu berezia izango da gaurkoa, mimo handiagaz prestatu dugu"

Aritz Maldonado 2023ko aza. 10a, 15:32

Pablo Bueno

Irati Bilbao abeslari durangarraren proiektu berrietako bat den Sarrabete taldeak Txori arraina diskoa aurkeztuko du gaur Bilboko Campos Eliseos antzokian. 20:30ean izango da emanaldia. 

- Zelan Sarrabeten?

Sarrabete proiektu desberdina da niretzako, batez ere, jazzean ibili naizelako orain artean. Abeslaria behar zuten, eta aurretik ezagutzen nituen Nerea Quincoces eta Jordi Acusagaz batu nintzen taldera. Euskaraz abesteko aukera ere desberdina da niretzako, eta animatu egin nintzen. Lan asko egiten ari gara, baina ez naiz damutzen. 

- 'Txori arraina' konposatzen hasi zirenean sartu zinen taldean?

Ez, lehenago. Ni sartu nintzenean, bazeuden gogoak kanta berriak egiteko, disko berriak lantzen hasteko. Hirukotea zen lehen Sarrabete, eta gu sartzerakoan boskote bihurtu zen, eta alde horretatik ere egokitzapen bat egin behar zen. 

- Zuk idatzi dituzu berbak, ezta?

Berba gehienak nik idatzi ditut. Erantzukizun handi bat izan da niretzako, euskaraz idazten dudan lehenengo biderra izan delako. Kantak originalak dira, eta gertatu da taldekideren baten melodia bat ematea, idearen bat proposatzea eta nik horri berbak idaztea. Prozesu polita izan da, gure lan egiteko moduagatik ere. 

- Abestiek lotura nabarmena dute naturagaz. Irudi aldetik ere zaindu duzue hori, ezta?

Diskoak lotura handia du naturagaz, itsasoagaz, hegaztiegaz, askatasun nahiagaz. Ez da disko kontzeptuala, baina badago hari bat. Irudi aldetik oso landua dago diskoa, eta formatu fisikoari ere balio bat eman gura izan diogu: Pablo Bueno gitarrajolea argazkilaria ere bada, eta abesti bakoitzari irudi bat jarri dio. Argazki horietako bat Urkiolan atera dugu. 

- Gaurko aurkezpenerako gogotsu?

Kontzertu berezia izango da, mimo handiz landu duguna. Kontzertura bertara hainbat lagun etorriko dira, gainera. Adibidez, Xabi Aburruzaga trikitilariak parte hartuko du; diskoan ere kolaboratzen du. Teresa Jareño albokariak ere parte hartuko du, eta Garazi Egiguren dantzariak ere parte hartuko du. Diskoagaz lehen kontzertu indartsu bat egitea gura genuen. Beraz, jendea etortzera gonbidatzen dugu, benetan mereziko duelako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!