“Eginiko lagunekin geratzen gara, horixe da saskibaloiak eman digun gauzarik onena”

Joseba Derteano 2023ko aza. 11a, 10:30

Alicia Gomez Tabirakoko presidentea, Mirari Aldekoa Tabirakoko presidenteordea, Txetxu Basozabal eta Olatz Garitaonandia, joan zen asteburuko omenaldian. Luis Iturrioz

Bizitza osoa Tabirakon eman eta gero, Mirari Aldekoak eta Olatz Garitaonandiak erretiroa hartzea erabaki dute. Ekainean jokatu zuten azkenekoz euren bihotzeko klubagaz. Joan zen asteburuan, ligako partiduaren amaieran, klubak omendu egin zituen Tabirakori eskaini dioten guztiagaitik.

Emozio askoko ekitaldia izan zen?
Mirari Aldekoa: Bai, maite zaituen jendea zuri agur esateko han batzea hunkigarria da: familia, lagunak, jokalariak, entrenatzaileak… Oso polita da.
Olatz Garitaonandia: Bizi izan duzun denagaz akordatzen zara. Zugaz hainbeste urtean egoniko jendea han ikusteak emozionatu egiten zaitu. 

Makina bat opari eta oroigarri jaso zenuten: lore sortak, kamisetak, argazki albuma… baina, Mirari, zuri eginiko erregalo bat berezia izan zen. Kontaguzu.
M.A.: Ez nuen inondik espero. Amak saskibaloiko nire lehenengo zapatillak oparitu zizkidan. Neuk aukeratu nituen, bederatzi urte nituenean. Beste jokalari batek erabiltzen zituenaren berdinak ziren. Halakotxeak gura nituen. Gero apurtu egin ziren edo txiki geratu zitzaizkidan, eta amak zakarrontzira bota zituen. Baina kariño handia nien eta zakarrontzitik atera nituen. Egia esanda, ez nekien zapatilla horiek non zeuden, baina amak gordeta zituen eta eurekin kantxara irten zuenean… hunkigarria izan zen. Aurrerantzean ondo zainduko ditut.

Zergaitik erabaki duzue saskibaloia uztea?
M.A.: Beste leku batean lanean hasi naiz, eta gatx egiten zitzaidan laneko eta entrenamenduetako ordutegiak bateratzea. Unibertsitatean nenbilenean ere antzera ibili nintzen. Azkenean heldu da momentu bat mentalki kostatu egiten zitzaidana. Erabaki gogorra izan da. Ez da egun batetik besterakoa izan, baina oso argi nuen. Ez nuela berdin gozatzen igartzen nuen. Saskibaloia oso inportantea izan da nire bizitzan, eta ez nuen horrela ibili gura hainbeste maite dudan kirolean. Erabakia une aproposean hartu dudala uste dut eta eskerrak ematen dizkiot Tabirakori gehien gustatzen zaidan kirolagaz gozatzeko aukera ematearren hainbeste urtean. 
O.G.: Belaun bietako lesioa inflexio puntua izan da niretzat. Lehenengo, belaun batean, eta ondoren bestean. Ez zen ebakuntza behar zuen lesioa, baina denbora asko behar nuen errekuperatzeko. Gero, jokatzen hasi, berriro lesionatu, eta berriro errekuperazioa. Berriro ez lesionatzeko beldurragaz jokatzen nuen eta ez nuen gozatzen. Egoera hori, urterik urte, mentalki astuna egin zitzaidan eta uztea erabaki nuen. 

Saskibaloia, dituen ezaugarriengaitik, kirol gogorra da belaunentzat?
O.G.: Bai. Nigaz jokatu duen taldekideetariko askok belauneko ebakuntza izan du; lotailukoa edo meniskokoa. Batez ere lotailukoa. 

Zeintzuk dira bizi izan dituzuen unerik onenak?
M.A.: Ni saskibaloian eginiko lagunekin geratzen naiz. Horixe da saskibaloiak eman didan gauzarik onena, dudarik barik. Bestelakoan, Lauko Finalean Durangon jokatu genuen partiduagaz geratzen naiz: Leire Intxaustik azken segundoan sarturiko saskiratzea, Landako kiroldegia beterik… Lauko Final hori irabaztea itzela izan zen. 
O.G.: Ados nago. Lagun handiak egin ditugu saskibaloian, eta horregaz geratzen gara. Partidu bategaz edo besteagaz baino gehiago, taldekideekin bizi izaniko esperientziagaz eta momentuekin geratzen naiz.

Mirari, zure belaunaldiko Ane Garitaonandiak eta Ainhoa Baquek lehenago utzi zuten saskibaloia. Zu ere joan zara. Belaunaldi hartako bakarra geratzen da taldean: Gorane Urain.
M.A.: Bai. Beti elkarregaz izan gara eta orain Gorane baino ez da geratzen. Belaunetik lesionatuta dago, baina seguru topera bueltatuko dena!

Olatz, Ane Garitaonandia ahizpa duzu. Zelako esperientzia izan da ahizpa taldekide izatea?
O.G.: Oso esperientzia ona. Oso pertsona alaia da eta laguntzeko prest dago beti. Niretzat laguntza handia izan da. Bere babesa funtsezkoa izan dut. 

Aurrerantzean, zelan gozatuko duzue saskibaloia?
M.A.: Kanpotik. Oraindino ez dut guztiz barneratu. Joan zen asteburuan gatx egin zitzaidan partidua harmailetatik jarraitzea. Inbidia apur bat eman zidan. Baina, tira, ahal dudan zapatuetan animatzera joango naiz kiroldegira, eta seguru nago gozatuko dudana. 
O.G.: Une honetan ez nago saskibaloian oso sartuta. Oraindino mentalki deskantsua behar dut. Astean lau entrenamendu izan dira, urte askotan zehar, beste gauzaterako denbora murrizten dizu eta apur bat exijentea izan da.

Zein unetan dago Tabirakoko emakumeen taldea?
M.A.: Belaunaldi aldaketa gertatu da eta oso jokalari gazteak daude. Gogotsu daude eta badago potentziala. Pazientzia behar da, apurka elkar ezagutzen eta taldeko dinamiketara egokitzen joan daitezen. Talde ona dagoela esango nuke. 
O.G.: Ados nago Mirarik dioenagaz. Taldean jende gaztea sartzen dabil. Normalean, beteranoak ez dira multzoka erretiratzen, banaka edo binaka joaten dira, baina aurten asko joan gara batera. Beraz, orain taldea egitea tokatzen da berriro: elkar ezagutu, batak bestearen indarguneak eta ahulguneak identifikatu… Prozesu horrek denbora bat eskatzen du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!