[BIDEOA] Suhiltzaileak sute-maniobra errealistak egiten ari dira Durangon

Anboto 2023ko aza. 9a, 14:22

Lekeitio, Elantxobe eta Balmasedako hirigune historikoetan ere egingo dituzte.

Azaroan eta abenduko lehenengo egunetan, Iurreta, Markina-Xemein, Arratzu eta Zallako suhiltzaile-etxeetako txanda guztietako langileek sute-maniobra errealistak egingo dituzte, Durango, Lekeitio, Elantxobe eta Balmasedako hirigune historikoetan. Lau udalerri horiek beren ezaugarriak direla-eta erantzun operatiboan hobekuntzak ezartzeko oinarri gisa erabil daitezkeelako hautatu dituzte, Aldundiak ohar batean informatu duenez.

"Hirigune historikoetako etxebizitza-suteak egoera bereziki konplexuak dira larrialdi-zerbitzuetarako, hainbat faktorek bat egiten baitute: kamioiek sartzeko duten zailtasuna, ur-horniduraren mugak, ekipoekin maniobrak egiteko zailtasuna, eraikin zaharren pilaketagatik etxebizitzen eta eraikinen artean sua zabaltzeko arrisku handiagoa… Horregatik, funtsezkoa da hasiera-hasieratik erantzun efikaza ematea", azaldu dute.

Durango, lehenengo herria

Iurretako suhiltzaile-etxeko suhiltzaileak aste honetan bertan hasi dira maniobrak egiten Durangon. Egunero, astelehenetik larunbatera, etxebizitza-eraikin batean egoera jakin eta desberdin bati aurre egin behar dion txanda batek parte hartuko du. Entrenamenduak suhiltzaile-etxean hasiko dira, eta han hartuko dira lehenengo erabakiak. Ondoren, suhiltzaileak esku hartzeko eremura joango  dira, eta maniobra ia bi orduz egingo da, 12: 00etatik 14: 00etara. 

 

Bideoak: www.bizkaia.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!