Adimen Artifizialak ingurugiro jasangarriagoaren alde egin dezakeena aztergai, Durangoko jardunaldian

Anboto 2023ko aza. 8a, 15:23

Ekimeneko sustatzaile eta babesleak jardunaldiaren amaieran ateratako familia argazkian. (Argazkia: Innobasque)

Landako Guneak hartutako Global Innovation Day jardunaldia hainbat enpresek martxan jarritako proiektuek eta arloko adituen hitzaldiek osatu dute.

Inteligentzia artifizialak gero eta pisu handiagoa du enpresen garapenean eta ekoizpen moduetan. Euren jarduna eraginkorrago bihurtzeak, halaber, jasangarritasunaren bidean urratsak ematen ere lagundu dezake. Hari bi horiek lotu ditu Innobasque-k, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, gaur Durangon egin den Global Innovation Day jardunaldian.

Euskal enpresen hainbat kasu praktiko aurkeztu dira. Alde batetik, adimen artifiziala hainbat esparrutan aplikatu duten enpresen kasuak: Energiaren esparruan (Aratubo), konputazio kuantikoan (Ibermática, anAyesacompany) eta medikuntzan (Ulma Medical Technologies); eta bestetik, berrikuntza jasangarria landu duten beste hiru: ekodiseinua (Emica Bombas), energia-eraginkortasuna (Fagor Arrasate) eta birgaitzea (Construcciones Fhimasa).

Eguneko beste ekitaldi nagusietako bat Mar Mendiberen eta Alex Rayónen arteko solasaldia izan da. Mendibe, Biobizkaia Osasun Ikerkuntzako zuzendari zientifikoa, eta Rayón, adimen artifizialean aditua eta Brain and Code enpresaren sortzaileetako bat. Haien ideia trukeak ikuspegi argigarria eskaini du adimen artifizialaren, neuroteknologiaren eta osasun arloaren arteko loturari buruz. Bi adituen esanetan lotura hori goitik behera eraldatzen ari da osasun-arreta eta ikerkuntza medikua. Solasaldian, hainbat gai izan dituzte hizpide: ikaste automatikoa ez erabiltzeak sortzen duen ziurgabetasuna edo eta ikaste automatikoak lan egiteko moduan ekarriko duen disrupzioa, besteak beste.

Iñigo Urkullu lehendakariak itxi du jardunaldia eta, ondoren, berritasun moduan, hainbat bilera izan dira, adimen artifiziala hornitzen duten euskal enpresen eta teknologia horren bidez proiektuak gauzatuko dituzten enpresen artean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!