Zergak, tasak eta prezio publikoak dauden bezala uztea erabaki dute, "karga fiskala areagotzeko momentua ez dela" iritzita. Dena den, aldaketa txiki batzuk egin dituzte. Ondasunen eta Higiezinen Zergan (IBI), adibidez, aukerako hobariak ipini dituzte kalteberatasun egoeran dauden herritarrei eta familia ugariei begira. Horrez gainera, hobeto definitu dute etxebizitza hutsei ezartzen zaien errekargua. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan ere hobariak ezarri dituzte motorrek ingurumenean duten eraginaren arabera. Eta zabor tasan ere hobari kopuruak areagotu dituzte, familia errentaren maila batzuen arabera.
Aldaketok, oposizioko alderdiek aurkeztutako emendakinen fruitu dira. Gobernu taldeak zazpi emendakin onartu ditu. EH Bilduren bat, eta Herriaren Eskubidearen zein PPren hiru. Jesica Ruiz sozialistak eta Josune Escota jeltzaleak oposizioko alderdien ekarpenak eskertu zituzten, horiek ordenantza "hobetu" dutelakoan.
ESANAK:
- Iker Urkiza (EH Bildu): "Ordenantza Fiskal honek ez dakar aldaketa sakonik iazkoaren aldean. Badirudi gobernu taldeak egokitzat jo dituela guk iaz onartu genituenak".
- Josune Escota (EAJ): "Eros ahalmena, hipotekak... ez da karga fiskala areagotzeko momentua. Datorren urtean aldaketak egongo dira. Karga fiskala kenduko diegu komertzioei".
- Jesica Ruiz (PSE-EE): "Ez diogu garrantziarik eman emendakinak aurkeztu dituen talde politikoaren siglari. Durangarrentzat onuragarria den horri ipini diogu arreta".
- Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Pozten gara EAJk eta PSE-EEk iazko lana onetsi dutela ikusita. Iaz 30 emendakinetik gora aurkeztu zizkiguten. Non daude? Desagertu egin direla dirudi".
- Carlos García (PP): "Eskertuta gaude, guk aurkezturiko emendakin batzuk onartu direlako. Familia ugariei eta txarto pasatzen dabiltzanei loturiko hobariak jaso dira".