“Gure komunitatean aplikatu ahal ditugun estrategiak ikasten ari gara"

Anboto 2023ko urr. 27a, 13:50

Munduko komunitate gutxituetako hainbat ordezkari Euskal Herrian dira egunotan, Garabide elkartearen eskutik, euren hizkuntza eta kultura biziberritzeko formakuntza saioak jasotzeko. Eguaztenean Durangon izan ziren, hemengo esperientziak ezagutzen. Ordezkari horien artean, Kolonbia hegoaldean bizi diren Nasa komunitatekoak daude. Durangoko Udalak hitzarmen bat du komunitate horren garapenean laguntzeko. Luis Evelio Velasco Noscue eta Maria del Pilar Casamachin Jule Nasa komunitateko kideak dira. 

Hainbat hamarkada daramatzazue zuen kultura eta hizkuntza biziberritzen. Zeintzuk aurrerapauso eman dituzue?
Luis Evelio: Gure komunitatearen mandatuz gabiltza lanean. Komunitate kontzientzia hartuta, hizkuntza biziberritzeko nahia dago. Horrela, aktibista talde bat hizkuntza biziberritzeko estrategiak sortzeko lanean gabiltza, arlorik arlo: eskolaratze prozesuak, emakumeekin egiten den lanketa, Nasa hizkuntza egiten edo idazten erakusteko… 

Euskal Herrian euskara batua dugun moduan, Nasa hizkuntza bateratua existitzen da?
L.E.: Gure hizkuntza estandarizatu barik dago oraindino. Arlo horretan hutsune handiak ditugu eta 'corpusa' lantzen gabiltza. Garabideren aholkularitza dugu lagun bide horretan. 

Zeintzuk pauso eman dira Nasa nortasuna eta kultrua biziberritzeko?
L.E.: Eskolaratze prozesuetan aurrerapauso esanguratsuak eman dira. Aktibistok barik, hezkuntza komunitateko jendea bera izan da ekimena hartu duena. Nasa komunitateak hartu duen kontzientziaren erakusle da prozesu hori. 

Orain artekoa zelako esperientzia izan da Euskal Herrian?
Maria del Pilar: Gonbidapenagaitik esker oneko gaude. Euskal Herrira gatozen lehenengo aldia da eta gure komunitatean aplikatu ditzakegun estrategiak ikasten gabiltza. Hemen erabiltzen diren erremintak han aplikatu gura ditugu, beti ere testuingurura egokituta.

Ikastera ez ezik kontatzera ere etorri zarete. Zuen komunitatearen berri eman duzue hainbat gunetan.
L.E.: Jaso duguna jasotzeaz gainera, guk gure esperientzia kontatzea eta ekarpen hori egitea interesgarria da guretzat, eta asegarria. Errealitate biak alderatzeko aukera ematen du: zeintzuk dira berdintasunak eta zeintzuk diferentziak? 

Zuena behetik gorako mugimendua dela azpimarratu duzue. Baina zer egoeratan dago goitik beherakoa? Gobernuaren aldetik, zer laguntza duzue? 
L.E.: Alderdi bi desberdindu behar dira: gobernua eta Kolonbiako erakunde indigenak. Erakundeok geure eskubideak aldarrikatzen dizkiogu gobernuari, erakunde bien arteko kontsulta-mahaiaren bitartez. Konstituzioan jasota dagoena bete egin behar dela eskatzen diogu. Prozesu neketsua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!