Euskadiko Irakurketa Erraza elkarteak Erraza Sariak banatu zituen zapatuan, Bilboko Azkuna Zentroan egindako ekitaldian. Sariketan, Irakurketa Erraza, literatura eta euskara sustatzen duten erakunde eta enpresak saritu zituzten. Sarietako bi Durangoko eta Iurretako liburutegiek jaso zituzten. Bizenta Mogel liburutegiak Biblioteken kategorian irabazi zuen saria. Iurretakoak, berriz, Irakurketa Kluben atalean.
Irakurketa Erraza izendapenak testuetako egokitzapenei egiten die erreferentzia. Hau da, irakurtzeko zailtasunen bat duten herritarrei begira egokitzen diren testuei. Besteak beste, dislexia, etorri berriak, adimen urritasuna edo zahartzaroari loturiko irakurketa arazoren bat dutenei begirako testu motak dira, irakurketarako irisgarritasuna bermatzea helburu dutenak.
Iurretako Liburutegia, adibidez, duela 9 urte hasi zen XL irakurketa errazeko klubarekin, Udaleko Gizarte Ongizate Sailarekin elkarlanean. Aurrera begira, lanean jarraitu gura dute "herritar guztiek irakurtzeko eta informatzeko duten eskubide unibertsala errealitate bihurtzeko". Aldi berean, zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkiote "Euskadiko Irakurketa Errazari, 10 urte hauetan egindako lanagatik. Durangoko Bibliotekaren saria jasotzera Arantza Barrenetxea zinegotzia eta Esti Albizu Bibliotekako arduraduna joan ziren. Saria Sara Moreno Euskadiko irakurketa errazeko programaren dinamizatzailearen eskutik jaso zuten.