Durangoko Udalak jaien balantzea egin du goiz honetan. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak oso modu positiboan baloratu dituzte ospakizunak. Giro "bikaina" lagun, herritarrek "parte hartze handiarekin eta giro onarekin" erantzun dutela azpimarratu dute agintari biek. Daturik aipagarrienak lehiaketa gastronomikoek eta musika kontzertuek utzi dituzte. Lehenengoetako inskripzioak egun gutxitan bete ziren eta kontzertuetan jendetza batu zen. 8.000 lagun En Tol Sarmientoren kontzertuan, 5.000 Huntzaren emanaldian eta 3.55-4.000 bat Vulcano Orkestraren dantzaldian. Mozorro eguneko desfilean 25 kuadrilla batu ziren, eta kaleko txaranga girora gero eta gazte gehiago batzen dela igarri dute.
Gorabeherei dagokienez, Durangoko Udalak Ertzaintzaren komisaldegian erregistratu diren salaketei buruzko informazioa eman du. Azaldu dutenez, herritar bik hirugarren baten kontrako salaketa ipini zuten, honek telefonoa lapurtu zielakoan. Horrez gainera, pertsona horri berari beste salaketa bi ezarri dizkiote sexu-askatasunagaz lotuta. Jaietan zehar "zauritu larririk bako hainbat borroka" egon dela ere azpimarratu dute udal arduradunek. Sexu erasoen kontrako telefono zerbitzuan ez dute deirik jaso.