Indarkeria matxistaren kontrako eduki digitalak sortzeko lehiaketa, martxan

Anboto 2023ko urr. 23a, 13:12

Bideoak, audioak, irudiak, reel direlakoak, aurkezpen animatuak,... mota horretako edukiak indarkeria matxistaren kontrako mezuekin sortzen dituztenek sariak jaso ahalko dituzte, Dendak Bai eta Andereak elkartearen eskutik.

Andereak eta Dendak Bai elkarteek indarkeria matxistaren kontrako lehiaketa antolatu dute. 12-30 urte bitartekoei begirakoa. Lehiaketan indarkeria matxistaren kontrako mezuekin sorturiko eduki digitalak sarituko dituzte. Parte hartu gura dutenek honako hau egin beharko dute: @andereakdurango helbidea Instagramen jarraitu, eta story bat zintzilikatu #AurreEginIndarkeriaMatxistari traola erabilita eta @andereakdurango aipatuta.

Irabazleak 150 euroko kupoia jasoko du Dendak Bain batutako saltokietan trukatzeko. Bigarren eta hirugarren sariek, berriz, 75 euroko kupoia jasoko dute, tokiko denda horietan trukatzeko. Lanak azaroaren 18a baino lehen sareratu beharko dira. Epaimahaia Durangoko hainbat pertsona esanguratsurekin osatuta egongo da. Lanen kalitatea, mezuaren edukia, sormena eta originaltasuna baloratuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

Sariketa 12-30 urte bitartekoentzat den arren, antolatzaileek 30 urtetik gorakoak ere deitu dituzte edukiak sortzera eta indarkeria matxistaren kontrako konpromisioa adieraztera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!