Urtebete igaro da azken lanetik. Zer ikusten duzue atzera begiratuta?
Bremen no existe albumagaz taldea asko hazi da. Gehiago deitzen digute, leku gehiagotatik, eta leku horietan jende gehiago batzen dugu, kontzertuak dohainik zein ordainduta badira ere. Jende askok esan dit, azpikultura desberdinetako jendeak, diskoa gustatu egin zaiela. Beti izan dugu lotura punkagaz, baina orain artean asko ez dira gure zaleak izan. Urte osoa daramagu zuzenean aurkezten, gelditu barik.
'Sentido del espectáculo' lana Euskal Herrian grabatu zenuten bere garaian, eta ordutik hainbat bider etorri zarete kontzertuak ematera. Gustuko duzue hona etortzea?
Euskadiren DNA musikalean doa rocka, gitarren musika. Eta bai, asko deitu digute hemendik ere. Senideek esaten didate: Zer, berriro iparralderutz? Bestalde, bertako baldintzak itzelak izaten dira, izan jai herrikoiak, izan jaialdi bat. Askotan deitzen digute, eta suposatzen dut gustuko gaituztelako izango dela, edo ez garelako oso garestiak (barrez).
Zuen ibilbideko momenturik gozoenean zaudete?
Bai. Baina beste edozein momentutan ere berdina erantzungo nizuke, pandemian ezik. Gure hazkundea oso naturala izan da; lan bakoitzagaz, jarraitzaileak eta ikusgarritasuna irabazi ditugu. Eta beti modu independentean, gure airera. Otsailean estudiora sartuko gara lan berria izango dena grabatzera. Lasaiago hartu izan dugu normalean, urte biko tartea hartu izan dugu diskoen artean, baina hori momentu onaren erakusleetariko bat da. Asko jotzen ari gara zuzenean, eta, gainera, grabatzeko eta konposatzeko tartea hartu dezakegu, eta lehen ezin genuen egin hori, beste lan batzuk ere bagenituelako.
Durangon jaiak ospatzen ari dira, baina badirudi mundua pikutara doala. Dantzatu daiteke haserre egonda ere?
Aldarrikatu egin behar da, eta ondo pasatu. Klase kontzientzia eduki behar da, konprometituta egon behar dugu, baina pozik bizi behar dugu, eta jendea zaindu egin behar dugu. Ezin gara haserre eta amorratuta egotera mugatu; pozik eta itxaropentsu egotea beharrezkoa da. Nik horrela ikusten ditut gauzak, eta disko honetako berba eta doinuetan ere antzeman daiteke hori. Madrid nos pertenece abestian ikusten da hori, adibidez: bakarrik ezin duzu, baina lagunekin bai. Madril disputan dago; Madril kaka zaharra da, baina gurea ere bada. Garrantzitsua da alde sinbolikoan aldarrikatzea, baina baita benetakoan ere; izan daitezke irabazitako espazioak, edo martxan ipintzen diren proiektuak. Mugitzea dagokigu, eta kito. Filosofia hori dugu, bai taldean, baita pertsonalki ere.
'Madrid nos pertenece' abestia, adibidez, Madriletik harago doa.
Guztiz. Aitortzen dut hasieran dudak genituela ea zelan hartuko zen Euskal Herrian edo Katalunian, baina letra inteligentea da, eta entzuleak ere bai. Txantxa artean esan izan digute ez digutela Madril dioen kamisetarik erosiko, baina berbak ondo planteatuta daude, eta Madril horregaz soilik geratzea edo Madrilek jende batentzat suposatzen duenagaz geratzea, baita niretzat ere, akats bat da; Madrilgo auzoak disputan daude, gentrifikazioagaitik eta arrazismoagaitik adibidez, beste leku askotan lez, eta, beraz, gutxienekoa da Madril aipatzea abesti horretan. Hortaz, galdetzen didatenean beti erantzuten dut entzuleek arnasa betean abesten dutela Euskal Herrian eta Katalunian ere.