Zelan zaletu zinen urpeko arrantzara?
Txikitan kainaberagaz arrantza egitera joaten nintzen aitagaz. Orduan hasi nintzen itsasoaren mundua ezagutzen. Gero, 15 bat urtegaz, lagun batzuk urpeko arrantza egiten ikusi nituen eta deigarri gertatu zitzaidan. Apurka ikasten joan nintzen. Autodidakta izan naiz beti. Hiru bat urte daramatzat txapelketen munduan. Lehiatzeko grinagaitik baino gehiago, ikasteko nahiagaz joaten naiz.
Oraingoan, ikasi ez ezik, brontzezko domina ere irabazi duzu.
Ezusteko pozgarria izan da! Onenetan onenak lehiatu ziren eta guk baino baliabide gehiago zituzten. Han aritzeagaz bakarrik pozik nengoen, azkenengo geratuta ere; beraz, imajinatu brontzezko domina irabazita! Hamar bat pieza harrapatu genituen. Nire piezarik politena kilo eta erdiko muxar handi bat izan zen.
Euskal Herrian zein tokitan duzu gustuko urpeko arrantza egitea?
Urdaibai ingurua oso polita eta egokia da. Lekeition, Ondarroan, Gipuzkoa aldean… ibiltzen gara.
Toki horietako zirrikitu guztiak ezagunak dira ala onddotan ibiltzen direnen antzera sekretuak diren guneak ere badaude?
(Barrez). Bietarik dago. Badaude arroka konkretu batzuk, ordu jakin batzuk…
Zein da inoiz harrapatu duzun arrainik handiena?
Orain urte asko hamabi kiloko itsas zapoa harrapatu nuen eta aurten marka hori berdindu dut: hamabi kiloko meroa arrantzatu dut Gibraltarko itsasartean.
Itsas zapoa non harrapatu zenuen?
Esan dezagun… Bermeo aldetik (barrez).
Onddozaleen pare!
Berdinak gara! Sarritan esaten didate: "Lasai, ez naiz hara joango arrantza egitera". Baina sekula ez da jakiten. Beti dago senitartekoren bat, lagunen bat…
Horrelako arrain handiak mendean hartzea ez da erraza izango.
Meroa hogei metroko sakoneran zegoen. Apnea egiten, oxigenorik barik… Oso nekagarria izan zen. Lehenengo tirotik barkura igo genuen arte hiru ordu laurden igaroko ziren.
Zein arrain arrantzatzea gustatuko litzaizuke?
Denok ditugu espezie fetitxeak. Nik bi ditut: burbina eta limoi arraina. Ez ditut askotan ikusi.
Kirol arriskutsua dela diote. Horrela da?
Bai. Nonbait irakurri dut hildakorik gehien kirol honetan izaten dela. Lagunekin joanda ere, bata bestearenºgandik aldenduta egoten garenez, sinkope bat izaten baduzu ez dago inguruan beherala lagunduko dizun inor.
Horrek ez zaitu beldurtzen?
Lagunen bat ere joan zaigu urpeko arrantzan zebilela… Batzuetan beldur apur bat ematen dizu, bai, baina ematen diguna gehiago da. Urpean mundu berri bat ezagutu dut eta barru-barrutik bizi dut.
Teknologiak arriskua murrizten laguntzen du?
Bai. Buzeoko ordenagailua deitzen diogunak berriro urperatu aurretik gainazalean eman beharreko denbora kalkulatzen digu. 15 metrotik aurrera, urpean emaniko denboraren hirukoitza eman behar duzu gainazalean. Esaterako, minutu bian 20 metrora ibili banaiz sei minutu joan behar dira berriro urperatu aurretik.
Urpean zenbat denbora eman dezakezu arnasarik hartu barik?
Geldirik nagoela, 4 minutu eta hamar segundo, eta mugimenduan, minutu bi eta 30 bat segundo.
Zein da urpean bizi izan duzun unerik bereziena?
Behin, 24 metroko sakoneran nengoela, hiru ilargi-arrain ikusi nituen. Ni geldi-geldi, eta eurak nire inguruan astiro-astiro mugitzen. Momentu magikoa izan zen.
Inoiz egokitu zaizu urpean harrapakaria barik harrapakina izatea?
Ba, bai, aurten bertan, Cadizen. Ura oso zikin zegoen eta bat-batean metro eta erdiko gelba bat ikusi nuen, marrazo mota bat. Berez ez dira erasokorrak, mantsoak dira. Sustoa gehiago izan zen ur zikinetik bat-batean agertu zelako, marrazoak berak duen arriskuagaitik baino.
Aurrera begira, zeintzuk helburu dituzu?
Etorkizunean, Europatik kanpora joatea gustatuko litzaidake. Azpiegitura handia behar da, baina etorriko da hori ere.