"Munduko txapelketara heltze hutsa garaipen bat da niretzat"

Aitziber Basauri 2023ko urr. 22a, 10:30

Fabio Raris Blanco (Galizia, 1994) urriaren 6tik 10era Korean jokatu den droneen munduko txapelketan lehiatu da; 115 parte hartzaileren artean 22. geratzea lortu du Durangon bizi den galiziarrak. Espainiako Opena irabazi eta Galizian jokaturiko World Drone Cup-ean bigarren geratu ondoren, Fabio Rarisek Koreako droneen munduko txapelketan parte hartzeko aukera lortu zuen. Frantziako World Drone Cup-ean egindako lanak ere lagundu dio.

Zelako esperientzia izan da Koreakoa?
Izugarria! Beste kultura bat, beste mundu bat da Korea, droneei dagokienez ere bai. Joko Olinpikoen antzera bizi dituzte. Kanporatze bikoitzak izan ziren eta lehenengo jardunaldian final-laurdenetara heltzea lortu nuen. Baina bigarren aukeran galdu egin nuen eta 22. geratu nintzen. Oso pozik nago lorturikoagaz, munduko txapelketara heltze hutsa garaipen bat da niretzat. Txapelketarik txapelketa dabiltzanekin lehiatu naiz, 18-20 urteko gazteekin. Horien aurrean ez dago ezer egiterik; 16 urteko gazteren bat ere bazegoen. 

Gaztetasuna erabakiorra da?  
Bai! Askoz ere erreflexu hobeak dituzte; hobeto egiten dute (barrez).

Noiz hasi zinen droneekin?
Bost urte dira drone bat lehenengoz hartu nuela, eta hiru urte lehiaketetan nabilela. Hasieran nahikoa lan nuen dronea jausi ez zedin ahalegintzen (barrez). Gero, freestyle lez hasi nintzen. 

Zer dela-eta hasi zinen?
Bikotekideak jostailuzko drone bat oparitu zidan Gabonetan. Gustua hartu nion eta Interneten arakatzen hasi nintzen. Ikusminak bultzatuta, geroago eta gehiago sartu nintzen mundu horretan, eta nire lehenengo dronea eraiki nuen. Guztiz harrapatu nau.

Zenbat denbora eskaintzen diozu?
Ahal dudana! Ezin diot gura nukeen beste denbora eskaini. Lana, etxea, bikotekidea, familia, lagunak.... dena uztartu behar da. Baina ahal dudan guztietan joaten naiz entrenatzera. Herriguneetatik urrun, droneak ezin direlako edozein lekutan aireratu. 

Mundu ezezaguna da droneena.
Bai, eta mesfidantza sortzen dute. Drone bati eman ahal zaion erabilera infinitua da. Erabilera ona egin daiteke, edo txarra, baina denean lez. FPV (First Person Viwe) droneak erabiltzen ditugunean, lagun bi joaten gara, edozein arriskuri aurre egiteko. 

Zenbat drone dituzu etxean?
Lehiatzeko 4-5 ditut; eta, horiez gainera, tamaina txikiko bat, estilo librean aritzeko edo grabatzeko beste bat, eta irismen luzeagoko hirugarren bat ere badut.

Asko galdu dituzu?
Bat galdu dut, orain dela gutxi, baina lasterketetan ez dira galtzen, leku mugatua delako. Apurtzeko arrisku gehiago dago (hankaren bat, kamera, erradiadoreren bat...).

Zelako afizioa dago Durangaldean? 
Ez gara asko droneen lasterketetan gabiltzanak. Lanean jarraitzen dugu elkarte bat sortzeko, droneak ezagutarazteko eta horiek aireratzeko aukerak sortzeko.

Dronea aireratzeko leku bat?
Kostaldea izugarria da horretarako.

Munduko txapelketan parte hartu ondoren, zein duzu hurrengo erronka?
Entrenatzen jarraitzea eta txapelketetara joatea. Eta datorren urtean, aukera sortzen bazait, berriro ere munduko txapelketan parte hartzea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!