Durangoko merkataritza bonuen kanpaina berria azaroaren 2an ipiniko dute martxan

Anboto 2023ko urr. 31a, 14:11

Txartelak erosteko makinekin izandako arazo teknikoak atzean utzi ostean, oraingoan, bai. Dendetan, tabernetan eta jatetxeetan erabili ahal izateko 10.680 bonu kaleratuko dituzte. Online erosi ahalko dira, bonoa.durango.eus atarian. Komertzio berriek abenduaren 3ra arteko epea dute kanpainara batzeko.

Durangoko Udalak merkataritza bonuen kanpaina berria aktibatuko du datorren eguenean, azaroaren 2an. Dendetan trukatzeko eta ostalaritzan trukatzeko bonuak, biak, aktibatuko dituzte aldi berean. Herritarrek 10 euroan erosi ahalko dituzte txartelok, gero establezimenduetan 15 eurora arteko kontsumoa egiteko. Bakoitzak 6 txartel eskuratu ahalko ditu gehienez. Udalak 53.400 euro bideratu ditu egitasmora. Herritarrek bonoa.durango.eus atarian edo Turismo Bulegoko (Kurutzesantu), eta HAZ Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko kutxazainetan eskuratu ahalko dituzte txartelak. 

Jesica Ruiz merkataritza arloko arduradunak kanpaina "funtsezkoa" dela nabarmendu du: "Gure helburua urtero partida ekonomikoak eta Durangoko dendetan erosketak bultzatzen jarraitzeko beharrezkoak diren ekintza berriak onartzea izango da", adierazi du alkateordeak. 

Aurreko edizioetan kanpainara atxikita egon ez diren komertzioek, batzeko aukera zabalik dute. Horretarako Turismo Bulegora deitu beharko dute (946033938). Dokumentazioa entregatu beharko dute egoitza elektronikoan. Abenduaren 3ra arteko epea dute horretarako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!