Ekainean, Durangoko Udalak 2.222 psikobonu ipini zituen salgai, 14 eta 35 urte bitarteko durangarrei psikologoarenera joaten laguntzeko. Aurtengo kanpainak honako datu hauek utzi ditu: orain arte zirkulazioan ipinitako bonuen %61 saldu dira. 1.355 bonu guztira. Balantze "oso positiboa" egin du udalak, eta datorren urtean programa berrituko duela iragarri du. Behar duenak, oraindik ere zabalik dago psikobonuak eskuratzeko aukera. Epea azaroaren 30ean zarratuko da.
Durangoko psikobonuen programa egitasmo aitzindaria da. Horri eskerrak, 14 eta 35 urte bitarteko herritarrek psikologoarenera joateko 10 saio erosi ditzakete, ohikoa dena baino prezio merkeagoan. Udalak eta Bizkaiko Psikologia Elkargoak 50 euroan finkatu dute saio bakoitzaren prezioa. Udalak diruz laguntzen du saio bakoitzak balio duenaren %90. Horretara bideratu zituen 100.000 euro. Saioaren gainerako %10a, 5 euro, erabiltzaileak ordaintzen ditu.