Xakerako zaletasuna sustatu guran, Larrasoloetak Durangora ekarriko du Bizkaiko txapelketa

Joseba Derteano 2023ko urr. 18a, 10:03

Larrasoloetak Durangon antolaturiko torneo bateko irudia.

Bizkaiko xakelaririk onenak Durangon batuko dira urriaren 21ean hasi eta zazpi zapatutan zehar.

Larrasoloeta klubaren ekimenak egin du posible. Durangoko xake klubak bere burua aurkeztu du buruz buruko ligak hartzeko, eta Bizkaiko Xake Federazioak onartu egin du proposamena. Larrasoloetako kideak klubari aupada berri bat emateko lanean dabiltza eta txapelketa Durangora ekartzea ahalegin horren barruan dago.

Buruz buruko liga lau mailatan jokatuko da: Bizkaiko Lehentasunezko Mailatik Hirugarren Mailara arte. Inoiz baino xakelari gehiagok parte hartuko dute, 150 inguruk. Izan ere, aurten arte ligak bitan banatzen ziren, zonaldearen arabera, baina aurten dena bateratzea erabaki dute. Jardunaldi guztiak Landako eskolako frontoian izango dira. Arratsaldean izango dira, 16:30ean hasita. Xakelariek partida bakarra jokatuko dute zapaturo, partida luzeak direlako, hiru-lau ordu ingurukoak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!