Pertsona maitatua da Jose Luis Zarrabeitia 'Urtain' dantzaren munduan. Argi gelditu da hori gaur eguerdian Jaizale txistulari elkarteak Andra Mariko elizpean egindako ekitaldian. Durangaldeko txistulariak presente egon diren omenaldian txistu eta atabal doinuak izan dira nagusi. Durangaldeko txistularien familia batuta, beste pertsona ezagun eta maitatu batek ere parte hartu du: Karmelo Barruetabeñak.
Umetatik plazan
Jose Luis Zarrabeitia 'Urtain' umetan hasi zen atabala jotzen. Julian Azkarate 'Txanbolin' txistulariagaz ikasi zuen umetan. 12 urtegaz bazebilen plazarik plaza. Azkenengo urteetan Durangoko, Iurretako eta Abadiñoko txistulariekin jardun du. Irailaren 23an Abadiñon antolatutako Ezpatadantzari Egunean ere jo zuen atabala.