Durangoko emakumeek Usansoloko ospitalean egin ahalko dituzte bularreko minbizia detektatzeko probak

Anboto 2023ko urr. 6a, 11:29

(Argazkia: www.irekia.eus)

Durangoko biztanleak Gernika-Lumoko Ospitalera bideratzeko neurriari amaiera jarri diote.

Osakidetzak, urriaren amaieran, Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programan parte hartzen duten Durangoko emakumeei Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalean emango die hitzordua aspaldiko partez, Osasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.

Bere sasoian baheketa-programaren funtzionamendua aldatu egin zuten pandemiaren eraginez, eta orain "normalizatu" egin dute. Horrenbestez, Osakidetzak "behin betiko" berreskuratu ditu Galdakaoko hitzorduak. Horrela, Durangoko biztanleak Gernika-Lumoko Ospitalera bideratzeko salbuespenezko neurriarekin amaitu du. Neurri hori hartzea erabaki zen, bere garaian, programan parte hartzen zuten emakumeei arreta bermatzeko, ahalik eta atzerapen txikienarekin eta pazienteen arteko beharrezko segurtasun- eta distantzia-baldintzak betez.

Durangoko biztanleriaren aldaketa 2021eko uztailean egin zen. Joan-etorrietarako "eragozpenak" izan diren arren, biztanleriaren estaldura-epeei dagokienez ezarritako "helburuak betetzeko" balio izan duela azaldu dute. "Gainera, Durangoko emakumeek programan duten parte-hartze maila mantendu egin da; funtsezkoa dena prebentzioari dagokionez".

"Osakidetza ziur dago asistentzia Galdakaon berrezartzeak, Durangoko emakumeei programarako sarbidea mesedetu ezeze, lagundu ere egingo duela hamabigarren itzuliaren garapen arinago eta orekatuagoa izan dadin. Itzulera hori 2024ko lehen seihilekoan, atzerapenik gabe, amaitzea aurreikusi da", gehitu dute.

Durangoko Gobernu taldeak txalotu egin du hartutako erabakia eta Osasun sailarkein izandako batzarrean mahai gainean jarrita gai bat zela azaldu du. "Pozten gara gure eskaera bati erantzuna emateaz. Hala ere, Durangon eta eskualdean gabeziak ditugu oraindik, eta sailburuarekin hitz egin genuen horretaz. Gure eskaeretan aurrerapenak ikustea eta gabezia horiek konpontzen joatea espero dugu", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatreak ohar batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!