Barrakak asteburuan martxan egotea aurreikusi du Durangoko Udalak

Anboto 2023ko urr. 5a, 15:46

Tren geltoki zaharraren orubean egongo dira, zezen-plazarekin batera. Udalak 7.800 metro karratuko eremua erabili ahalko du ETSrekin lortutako akordioari eskerrak. Domekan bigantxak eta errekortariak egongo dira zezen-plazan.

Durangoko kaleetan jai usaina areagotzen dabil egunek aurrera egin ahala. Eta barraken eremua ere, hasia da apurka-apurka forma hartzen. Gaur bertan hasi dituzte atrakzioak muntatzeko lanak. Trenbide zaharraren orubean egongo dira, eta leku horretan bertan kokatuko dute zezen-plaza ere. Aurreikuspenen arabera, barrakak asteburu honetan egongo dira erabligarri. Horrez gainera, sentsibilitate berezia duten umeei begirako ordutegiak zehaztu dituzte. Urriaren 15ean, 18an eta 19an izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Atrakzioen kostua 3 eurokoa izango da. 4 sarrerako bonuak ere eskuratu ahal izango dira 10 euroan.

Eremuaren erabilera jaiak eta gero

Udalak tren geltoki zaharraren orubea erabili ahal izateko akordioa lortu du Euskal Trenbide Sarearekin. Horri eskerrak, 7.800 metro karratuko eremua baliatu ahalko du bertan atrakzioak egoteko. "Jai hauetan barrakak kokatuko dira, baina ondoren beste ekitaldi batzuk egitea gura dugu. Gure asmoa da herritarrek eremu berri eta zabal bat izatea. Sanfaustoen ondoren, dagoeneko lanean gabiltza ekitaldi berriak erakartzeko", azaldu du Jesica Ruiz alkateorde eta jaietako zinegotziak. 

Zezenak Dira eta zezen-plaza

Zezenak Dira harmailetatik ikusi gura duten 16 urtetik beherakoek sarrera eskuratu beharko dute aldez aurretik. Bezperan eskatu beharko dituzte Arte eta Historia Museoan. Bakoitzak sarrera bi eskatu ahalko ditu gehienez. Zezen-plazari dagokionez, programazioa barikuan hasiko da Grand Prix jaialdiarekin eta bigantxak dituzten kuadrillentzako jolasekin.

Domekan, Euskal Herriko errekortarien ikuskizuna egingo da 18:00etan. Bigarren asteburuan ere izango dira bigantxa eta errekortari gehiago. Ekintza hauek Bergarako Zezenak elkarteak antolatzen ditu. Sarrerek 3 eta 5 euro arteko prezioa izango dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!