"Pozik gaude egindako lanagaz, eta publikoa ere bai; halan esan ziguten askok, baita umerik barik joan ziren nagusiek ere. Lehenengo emanaldia herrian bertan egiteak, gure publikoaren aurrean, arriskuak dakartza, baina onik atera ginen (barrez)", azaldu du Ander Garaizabal Logela Multimediako kideak. Anbotoko Mari lan berrian, Garik Anbotoko Mariren aitzulotik osten duen harri magikoa du abiapuntua; Marik atzetik jarraituko dio, eta bidean Garik magia zoro ugari egingo du ihes egin ahal izateko. Marik Tartaloren, iratxoen eta beste jeinu batzuen laguntza izango du. Ohikoa duen moduan, Logelak antzerkia, bideo-animazioa eta musika uztartzen dituen antzezlan multimedia aurkeztu du. "Istorio honek guk gura genuen guztia dauka; eszenatokian paisaia magikoak eskaintzeko aukera, istorio berri bat sortzekoa, Anbotok dituen berezitasunak (Amillena, Zurdaye, Bentaneta...), Euskal Herrietako mendietatik bidaiatzeko aukera, musika sorkuntzarako ere lagungarri... Naturaren jeinua da Mari!", gaineratu du Garaizabalek.
Harreragaz pozik, gogotsu daude aurrera begirako emanaldiei ekiteko. "Urtea amaitu aurretik hogei bat emanaldi egingo ditugu. Domekako sarreren salmenta martxa onean doa eta berri pozgarria da hori", azaldu du Garaizabalek. Durangaldeko hurrengo emanaldia azaroaren 3an izango da, Berrizko Kultur Etxean. Imanol Garaizabalek zuzendu du obra. Dramaturgiagaz Sonia Villamorrek lagundu du, eta gidoia eta testua Edorta Barruetabeñarenak dira.